ETXERAT (2020-IX-14). Hemeretzi urte bete dira sakabanaketa politikak Iñaki Saez eta Asier Heriz herrikideen bizitzak ebatsi zituela. Avilan kokatua dagoen Brievako espetxerako bidean auto istripu baten ondorioz galdu zuten bizitza.
Harrezkeroztik aldaketa ugari egon dira Euskal Herrian. Tamalez, euskal gizarteak hamaika aldiz eskatzen eta exijitzen duen bake iraunkorraren oinarriak ez daude zimentatuak oraindik orain.
Iñaki eta Asierren bizitzak ebatsi zituen dispertsio politikak indarrean darrai, eta urrunketa politikak mina eta sufrimenduaren lubakiak sakontzen jarraitzen ditu.
Momentuz, gobernuaren aldetik urrats traketsak baino ez dira eman. Osasun krisialdia sufritzen dugunetik, presoen urrunketa sistematikoa ez da oraindik indargabetu eta, are gehiago, nazioarteko erakundeek igorritako gomendiei entzungor egin die espainiar estatuak beste behin ere. Zehazki 3. gradura iristeko baldintzak betetzen dituzten, gaixotasun larriak dituzten, arrisku-taldean dauden edota 65 urte baino gehiago dituzten presoen askatasuna galarazten jarraitzen dute.
Ez da erraza izaten ari. Errealitate berri bat eraiki nahi dugu. Adiskidetza eta bizikidetza lortzeko bidean aurrera egiteko, beharrezkoa da urrunketa eta salbuespen politiken berehalako indargabetzea: sufrimenduaren zergatiak desaktibatzea.
Iñaki. Asier. Gure oroimenean zaudete. Herri honen oroimenean beraien bi izenak egotea behar dugu. Zuen bizia eta beste 14 seniderenak ebatsi zituen arrazoia eta inposaketak ezagutzea beharrezkotzat dugu. Dispertsio politikaren biktimatzat aitortzea errepikatuko ez denaren ziurtagiri eta berme izatearen aintzastepen izango litzake.
Urteurren honetan, muxu eta besarkada estu bana Iñaki eta Asierren senitarteko eta gertukoenentzat.