ETXERAT (2022-IX-9). 21 urte geroago, Etxeraten partetik, musu handi bana luzatu nahi diegu Iñaki eta Asieren familiei, hurbilekoei eta lagunei. 21 urte betetzen dira Iñaki Saez eibartarra eta Asier Heriz soraluzetarra errepidean hil zirela, dispertsio politikaren eraginez.
Salbuespen espetxe politikaren biktimak dira, eta horrek, hainbat hamarkadatan, zuzenean eta zeharka, 35 euskal preso politiko eta horien 16 senide eta/edo lagun hil ditu. Denbora horretan, gainera, bi pertsonek bere buruaz beste egin zuten, espetxeratzea saihesteko..
Heriotza horiek guztiek badute zerbait komuna: guztietan, salbuespenezko neurri politikoen aplikazioa erabakigarria izan da. Guztietan izan da erabaki politiko bat, edo erantzukizunik eza, zuzenean edo zeharka, pertsona horiei eragin dien indarkeria eragin duena.
Heriotza horiek saihestu ahal izan ziren, mendekuaren eta zigor erantsiaren gainetik, giza eskubideak nagusitu izan balira. Aitortza eta erreparazioa eskatzen dugu kasu bi hauetan ere. Asier eta Iñakiren heriotzak lekua izan behar dute memoriaren mapan., etorkizuneko bizikidetza eraikitzen jarraitu ahal izateko.
Iñaki eta Asier, gure bihotzean izango zarate betiko!