ETXERAT (2021-IV-18). Iker Lima Sagarna preso politiko galdakoztarraren lagun batek kotxe-istripua jasan zuen atzo Leoneko espetxetik (370 km) etxerako bidean bueltan zetorrela. Ezbeharra, Iruñeko norabidean, AP-15 autobideko Zuastiko ordainlekua pasatu eta kilometro batera gertatu zen. Zorionez, momento horretan furgonetan bakarrik zihoan presoaren lagunak ez zuen kalte fisikorik jasan.
Orkatz bat atera zen errepidera eta lehenbiziko erreakzioa bolante-kolpea jotzea izan bazen ere, presoaren lagunaren furgonetak talka egin zuen orkatzaren kontra. Gidariak furgoneta kontrolatzea lortu zuen talka indartsua jasan ostean eta orkatza hilik gelditu zen errepidean.
Senide eta lagunek pairatutako urteko bigarren kotxe-istripua da Iker Lima euskal preso politikoaren lagunak jaso duena.
Euskal presoak gero eta gertuen diren espetxeetara hurbiltzen ari dira, baina ala ere, ezin dugu ahaztu bisitak egiteko errepidera ateratzen garenean arriskuak berdin mantentzen direla. 400 bat ezbehar izan dira urrunketa politika indarrean denetik eta, tamalez, 16 senide eta lagunen bizitzak bidean geratu dira. Horregatik berriro diogu, preso guztiak Euskal Herrira hurbildu behar direla lehenbailehen.
Etxean eta bizirik nahi ditugu!