ETXERAT (2020-III-3). Euskal preso batek 1999-2000 eta 2000-2001 kurtsoetan Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV-EHU) Zuzenbideko ikasketak egiteagatik ohiko erredentzioa ezartzeko eginiko erreklamazioa Espetxe-Zaintzako Epaitegiak gaitzetsi izana salatu nahi du Etxerat Elkarteak.

Presoak eginiko ikasketen ziurtagiriak aurkeztu baditu ere, Espetxe-Zaintzako Epaitegiaren autoak bere espetxeko espedientean ikasketa horien berri ez duela dio; 'Espetxearen programazioaren, kontrolaren eta monitorizaziotik kanpo eginiko ikasketak izango lirateke' argudiatuz. Joan zen otsailaren 14an jakinarazitako auto judizialaren arabera, 2003an UNED-en matrikulatu zen urtera arte, ez dago inongo ikasketa akademikoren konstantziarik presoaren espedientearen barrenean. Horri gehituz, 'ez da ageri EHU-k, ikasketa horiek egin dituen unibertsitateak espetxeko adiministrazioari inongo proiekturen berririk eman duenik'.

Erabaki honek presoaren esfortzua haintzat ez hartzeaz gain, kondenaren murrizketa edo erredentzio aplikazioaren ukapen sistematikoa dela uste dugu. Auto judiziala senideoi zein gure senide presoei ezartzen eta inposatzen dizkiguten salbuespen neurrien lagin txiki bat da. Neurri hauek atzerakoiak direla uste dugu, presoaren kaleratze prozesua oztopatu eta luzatzeko helburuarekin ezarritako neurriak izanik.

Beraz, presoek dituzten eta errespetatu behar diren eskubideen alde jokatzea eskatzen dio Etxerat elkarteak Espetxe-Zaintzako Epaitegi Zentralari.

auto1.jpg