ETXERAT. Ibon Iprragirre euskal preso politikoa Arrasateko Aita Menni zentroan ospitaleratzearena erabaki eskasa eta krudela da Etxeraten iritziz. Ibonen gaixotasuna egonkorztea eta bere osasun eskubidea errespetatzea helburu, Ibonek osasun asistentzia duina izan behar du, eta espetxe legeriak baditu behar besteko mekanismoak kontrol neurriak zorrozteko, eskumuturreko telematikoa edo aldizka epaitegian sinatzearena alegia.
Besarkada handia bidali nahi diegu Ibonen senitartei, bereziki Angelita bere ama, anai-arrebak eta gainontzeko senide guztiak, ongi dakigu haien sufrimendua nolakoa den eta txalotzekoa da Ibonen alde, Ibon bizirik irauteko egin duten ahalegin etengabea.
Zoritxarrez Ibon Iparragirre euskal preso politkoaren egoera muturrekoa da. Azken analitikaren arabera, 20 defentsa baino ez zituen, pertsona heldu osasuntsu batek 723 eta 1.124 artean izaten ditu defentsak. C3 fasean dago Ibonek pairatzen duen HIESA, gaixotasunaren azken fasean hain zuzen ere.
Egoera honen aurrean, Ibon Iparragirre bere senideekin egon behar da eta tratamendua duintasun osoz jaso behar du. Testuinguru honetan, fiskalak eskatutakoaren arabera, Zaintza epaileak sinatutako autoak ez du asetzen Ibon berak eta bere ingurukoek espero zutena, Ondarroako presoaren muturreko egoerak eskatzen duen konponbidea alegia.
Zoriondu nahi diegu baita ere lagunak, Ondarroako herria eta orotara euskal gizartea, Ibonen askatasunaren alde egindako lana eskertzen dugu zinez. Ibonen alde eragile sozial, politiko eta instituzioen ahalegina eta egindako kudeaketa eskertu nahi diegu baita ere. Ibonen alde eragindako lana zinez eskertu nahi diegu guztiei.
Gogoratu nahi ditugu gaixo larriak dituzten gainontzeko 21 euskal presoak eta haien senideak. Gaixo dauden presoen askatasuna ezinbestekoa da une honetan. Urrunketa eta gaixo larri eta sendaezinak dituzten presoen askatasuna ukatzen dute behin eta berriro, eta guk kartzela politika honen berehalako desaktibazioa eskatzen dugu berriro ere, sortzen dituzten ondorio larriengatik.
Euskal gizarteak gatazkaren erresoluzioa eta bake prozesua muturreraino eramatea erabaki duen momentuan, itxaropenari ateak zabalduz, ezin dugu inolaz gehiago errepikatzen utzi Ibon Iparragirre eta bere senide eta lagunek pairatzen ari diren sufrikarioa. Denon ardura da euskal preso eta haien senideen eskubideak errespetatuak izan daitezen lan egitea.
Datorren asteazkenean, abenduak 27, Ibonen senideekin batera, agerraldi bat eskainiko dugu Bilbon. Horren deialdia datorren asteartean heleraziko dizuegu.
Etxean eta bizirik nahi ditugu!