ETXERAT. Ibon Iparragirre euskal preso politikoa atzo Alcala-Mecoko espetxetik atera zuten eta ohiko lekualdatzea dela medio, bihar ostirala, aratsaldeko 16:00etatik aurrera Arrasateko Aita Menni ospitalgunera iritsiko dela uste da, Etxerat elkarteak jakin duenez.
Arrasateko zentrura iristeko Ibonek ohiko lekualdatzea pairatzea gogor salatu nahi dugu, Ibon modu zuzenean anbulantzia batean Arrasatera ekartzea baztertu dutelako. Izan ere, Ondarruko euskal preso politikoaren egoera muturrekoa da. Ibon oso ahul dago C3 faseko IHES gaitza pairatzen duelako, infekzioaren azken fasea. Ibon gaitzaren fase terminalean dago, hil ala biziko egoeran alegia.
Horregatik hain zuzen ere, Ibonek bigarren graduan jarraitu behar duela ebatzi arren, José Luis Castro Espetxe Zaintzako Epailearen ebazpenak espetxe arautegiaren 102.2. artikulua aplikatu du eta ebazpen horren ondorioz Ibon Iparragirre Arrasateko Aita Menni ospitalgunera dakarte, bere osasun egoera kontrolpean hobeki izateko. Hori dela eta, kezkaturik eta haserre gaudela adierazi nahi dugu, berriz ere ankerkeriaz jokatzen ari direlako, Ibonen lekualdatzea luzea eta gogorra izango baita
Aita Mennira iristean bere egoera nolakoa izango den jakin bitartean, bai Iboni zein bere familiari besarkadarik handiena bidali nahi diegu, bereziki Anjelita bera amari eta anaia-arreba guztiei, baita gainerako senideei ere, beraiek pairatzen ari diren sufimendutik oso gertu sentitzen garelako. Eta orain arte bezala, Ibonen egoera hobetzeko lanean eta ahaleginean jarraituko dugu.
Bestalde, gaitz larriak pairatzen dituzten 21euskal presoak eta beraien senideak gogoan izan nahi ditugu, une honetan espetxetik kanpo egon daitezen inoiz baino beharrezkoagoa delako. Euskal presoen eta beraien senideen eskubideak aintzat hartuak izan daitezen denok lanean jarraitu behar dugu.
Etxean eta bizirik nahi ditugu!