Diziplina izaerako espetxe honek inposatzen dituen bizitza baldintzek tentsioa areagotu dute presoen artean; matxinada antolatu zuten eta Alex Zobaranen ondasunak kiskalita geratu ziren.

 

ETXERAT. Abuztuko hilaren hasieran, Ibon Goieaskoetxea eta Alex Zobaran euskal preso politikoak euren borondatez sartu ziren Mitard-era (estatu frantsesean zigor ziegek jasotzen duten izena). Neurri honekin, Euskal Herritik gertu den beste espetxe baterako trasladoa eskatzen dute, eta Valenceko espetxearen baldintzak euren kondenatu egoerarekin ez datozela bat salatu nahi dute.

Bi euskal presoek euren senideekin adostuta, asteroko bisitak bertan behera utzi dituzte abuztuaren 6tik, nahiz eta eskutitz eta telefono dei bidezko komunikazioak mantentzen dituzten. Horren bidez, dispertsioak euskal preso politikoei eta haien senideei eskaintzen dizkien bi aukera bakarrak salatzen dituzte: dispertsioak ezartzen duen arrisku ezarria eta higadura ekonomiko eta fisikoa jasan, edo eskubidez dagozkien bisitei uko egin.

Bestalde, kartzela horretako presoen artean tentsioa areagotzen ari da espetxeak duen izaera diziplinarioa dela-eta. Joan den igandean, irailak 25, matxinada bat antolatu zen, eta iraun zuen bitartean zenbait presok ziegetako giltzak eskuratu eta ireki ondoren, su eman zieten. Egoera horrek ez zien bi euskal preso politikoei fisikoki eragin, arestian aipatu bezala, mitardean aurkitzen baitziren. Haatik, zigor ziegan sartzen direnean euren objektu pertsonal guztiak ohiko ziegetan geratzen dira, horregatik, Alex Zobaranen ondasunak kiskalita amaitu zuten.

Bi euskal presoen senideek, dispertsio eta urruntzetik eratortzen diren egoerak pairatzea sortzen dien urduritasun eta kezka jakinarazi diote Etxerati.