ETXERAT (2020-IV-6). Parisko Apelazio Ganberak Josu Urrutikoetxea preso politikoaren behin-behineko askatasunaren erabakia dela eta, Etxerat elkarteak bere haserrea adierazi nahi du ukapen honen aurrean.
Urrutikoetxearen osasun egoera ahularengatik egindako kaleratze eskaera izan da ukatua. Alarma egoera larri honetan, Josu aurkitzen den La Santé espetxean dagoen premiazko egoera eta bertan Covid-19 gaitzaren 19 kasu positibo gutxienez atzemanak izanak, bere kaleratzea berehalako neurria beharko luke izan. Espetxeko medikuen zuzendariak, gainera, bere onespena emana zuen Josuren kaleratzea ahalbideratzeko. Familiak helarazi digunez, abokatuaren bitartez jakin dute erabaki honen berri, inongo jakinarazpenik ez zaie iritsi ez preso ez familiari eta oraindik ez dakite ukapenaren arrazoiak zeintzuk izan diren.
Presoaren familiak, Bake Bideak eta Bake Artisauek egindako salaketa publikoa gure egiten dugu, erabaki hau ulergaitza baita Josuren egoera zaurgarriaren aurrean. Eskaera hau Frantziako espetxetan dauden Jakes Esnal, Ion Kepa Parot, Frederic Haranburu eta Jon Gurutz Maizarentzat ere luzatzen dugu, beraiek ere 65 urte baino gehiago dituzte eta. Horietatik 3, Ibon Fernandez Iradirekin batera, larri eri dira (Maiza, Haranburu eta Urrutikoetxea) eta gizartea astintzen ari den gaitzaren aurrean pertsona zaurgarriak dira lau euskal preso hauek.