ETXERAT GERNIKA 2019 KARTELA.jpg

ETXERAT (2019-XI-19). Datorren azaroaren 23an Gernikan ekitaldi bat egingo dugu aurrera egiteko helburuarekin, baina beti ere gertatutakoa ahaztu gabe. “Gutun mezulariak” izango da ekimen honen izenburua, dispertsioak eragindako 16 biktimen aitortza lortzeko eta salbuespenezko politika honi amaiera emateko premia aldarrikatzeko helburua duena.

Gaur Bilboko Alhondigan datorren larunbateko aurrerapen bat ikusi ahal izan dugu, Ane Artetxe harpa-jotzailearen laguntzarekin. “Gutun mezulariak” hitza eta musikaren elkargunea izango da, proposamen hau posible egiteko lagundu duten gonbidatuekin batera.

Dispertsioaren biktimen senideekin eta euskal preso eta iheslari politikoen senideekin batera, eragile politiko, sozial eta sindikal desberdinen ordezkaritzak izango ditugu Gernikan.

Aurkezten ari garen ekitaldi honen helburua oso argia da. Memoria eta dispertsioak eragindako 16 hildakoen aitortza aldarrikatzen dugu herri honen bakea eta elkarbizitza lortzeko asmoarekin. Indarrean dagoen salbuespenezko espetxe politika hau senideentzat kondena bat da eta behin betiko egoera honekin amaitzea ezinbestekoa da.

Gernikako Lizeo aretoan burutuko den ekitaldiaren kartela aurkezten ari gara gaur, ohar garrantzitsu batekin: jadanik Lizeo aretoaren edukiera beteta dago, beraz, gonbidapenik gabe ezinezkoa izango da bertan sartzea.

Etxean eta bizirik nahi ditugu!