ETXERAT. Saminez jaso dugu, banaketa prozesu baten baitan, mendekuak bultzatuta, indarkeria matxistaren beste kasu bat gertatu dela. Gizonezkoak, hiru urte bete gabe dituen bikotearen alaba hiltzen saiatu dela jakin genuen joan den igandean.
 
Bi labankada eman zizkion aitak bere alabari, poliziarengana bere burua aurkeztu aurretik. Zorionez, poliziek bizirik aurkitu zuten haurra eta larrialdiko bi ebakuntza egin ondoren, Valentziako Santa Fe Ospitaleko mediku taldeak haurra bizirik mantentzea lortu zuen. Momentu honetan Zaintza Intentsiboko Unitatean ospitaleratua jarraitzen du. Bere ama, euskal preso politikoa, Picassenteko espetxean dago, Valentzian, bere etxetik 540 kilometrotara.
 
etxerat 1
 
Gure sostengua, besarkadarik beroena eta elkartasun osoa adierazi nahi diegu, bai Sara Majarenas, haurraren amari eta bide batez, bere senidei. Euskal preso eta iheslari politikoen senide eta lagunak garen heinean, edozein arazo, edozein larrialdi suertatzen denean, dispertsioak eta urruntasunak preso eta iheslarien sufrimendua zeharo areagotzen dutela jakin badakigulako. Ez da zaila irudikatzea senideek pairatutako larritasuna, mina eta ezintasuna 600 kilometro hoiek zeharkatzean. Ez da zaila irudikatzea nola pairatzen den ziega barruan horrelako egoera lazgarri bat, etengabeko oztopo burokratiko konpontzen orduak eman beharra, egoera larri horretan bere alabaren ondoan egon beharrean.
 
Senide bezala, gure babesa, elkartasuna eta gure maitasun osoa zuzentzen diegu ama eta senidei eta, modu berean, gainontzeko hiritarrak bezala, indarkeria matxistaren guztiz kontrako jarrera adierazi nahi dugu; kasu honetan, ama kaltetzeko asmoarekin haurren gainean zuzentzen den indarkeria matxistaren kontrako oihua egiten dugu hain justu. Hain estrukturala, hain barneratua dagoen biolentzia horrek bide ematen die hainbat hedabidei, gertakarien larritasuna albo batera utzita, amaren izena lehenengo lerroan jartzeko eta ETAko kidea izateari kasu egiteko.
 
Maitasunez eta samurtasunez beteriko besarkada bidali nahi diogu Sararen alabari, gure borrokalari txiki-handiari. Animo maitia, zurekin beti!!