ETXERAT (2022-XI-21). Tamalez, Martuteneko espetxera bueltatu behar izan da Joseba Arregi preso oñatiarra, Espainiako Auzitegi Nazionaleko (AN) Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak, Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak preso gipuzkoarrari joan zen otsailan emandako hirugarren graduaren aurka eginik, martxoan hain justu, fiskaltzak jarritako helegitea onartu ondoren. (Argazkia: Noticias de Gipuzkoa)
Zortzi hilabeteko tramitazioa izan du beraz helegiteak eta, zoritxarrez, bigarren gradura itzuli eta espetxera bueltatu da Joseba. Etxera itzultzeko bidea oztopatzen ari den honetan, Espainiako Auzitegi Nazionalak Joseba Arregi Erostarberen aurka egin du oraingo honetan.
Haserrea eta gaitzespena adierazi nahi dugu Etxerat elkartetik, Espainiako Justiziak bere alderik ankerrena erakutsi duelako, kasu honetan Arregiren eskubideak urratuz. Bide batez, besarkada bat luzatu nahi diegu, bai Joseba Arregiri, zein bere familiari.
Oñatiko presoak 76 urte eta erdi bete ditu eta hoietatik ia 31 urte espetxean pasatu ditu. Hainbeste urteko espetxeratzearen ondorioz dituen multipatologiengatik kalean egon beharko luke. Gainera, Espainiako zigorraren hiru laurdenak beteta zituen 2019ko ekainean, eta Frantzian egin dituen 10 urteak zenbatu izan balitzaizkio, badira urte batzuk aske egon beharko litzatekela.
Baina ez dute lortuko guk atzera egitea. Berriro errepikatu nahi dugu. Joseba eta gainontzeko preso guztiak etxera itzultzeko eskubidea dute eta hori bermatu arte, aurrera egingo dugu euskal gizartearekin batera. Joseba Arregiren askatasunaren alde deituko diren mobilizazioekin bat egiten dugu.