ETXERAT (2020-IV-6). Gorka Fraile Iturralde preso politiko durangarra baldintzapeko askatasunean geratu da, Entzutegi Nazionalak martxoaren 27an ateratako auto judiziala irmo bihurtu ondoren. Gorka Fraile 22 urtez egon da espetxean. Bat gutxiago! Ongi etorri Gorka!
Bestalde, Gorka Fraile gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoen zerrenda barruan zegoen. Hori horrela izanik, preso durangarraren kaleratzearen ondotik 17 dira larri eri diren preso politiko euskaldunak, horietatik 4k beraien nortasuna era pribatu batean gordeaz.
Covid-19 gaitzak sortutako alarmaren eraginez Gorkak ez zuen gaua Iruñeako espetxean igaro beharrik, berriki Espetxe Zaintzak hirugarren graduan dauden preso guztiei ezarritako neurriak horrela eraginda. Preso politikoen kasuan Gorkaren kasua izan da ale bakarra. Gure senide presoek duela 3 urte abiatutako norabidetik baldintzapeko askatasuna lortu bitarteko ibilbide juridiko-penitentziario osoa egitea lortu duen Euskal Preso Politikoen Kolektiboko (EPPK) lehen presoa izan da durangarra. Etxerat elkartetik espetxe administrazioari zein Espainiako Gobernuari zuzendu gara aldioro, gure senideek bakarka egiten ari diren ibilbide juridiko-penitentziarioari inongo trabarik eta oztoporik jar ez dezaten, egoera honek presoengaindiko kaltea eragiten baitu, senide eta lagunontzat zigor gehigarri erantsiz.