Gaur apirilaren 17an, Preso Politikoen Nazioarteko Egunean, munduko txoko guztietan dauden preso politikoei gure besarkadarik beroena helarazi nahi diegu
ETXERAT (2020-IV-17). Euskal preso politikoen senideak garen heinean, munduko beste preso politikoen familiekin ere gogoratzen gara. Pandemiak eragindako ondorioek gure egoera okertu dute; gure senideak ez bisitatzearen mina ezagutzen dugu, haien osasunarekiko kezka, gaixotasunari aurre egiteko espetxeko baldintza txarrek ekar ditzaketen ondorioengatik beldurra.
Hori dela eta, muturreko egoera honen aurrean; nazioarteko egun honetan zabaldu dezakegun mezu nagusia espetxetan preso guztien osasuna babesteko helburua duten premiazko neurri eraginkorrak hartzea ezinbestekoa dela da. Giza eskubideak eta gizatasuna ardatz, gobernuek pandemiaren ondorioak gutxitzeko neurriak ezarri beharko dituzte preso politikoentzat ere, izaera politikoa duten gatazkengatik gatibu daudenentzako alegia.
Dispertsatuta, urrunduta, haien izaera suntsitzeko sortutako salbuespen neurrien menpe, preso politikoentzat eginiko espetxe erregimenetan pandemiari aurre egitera behartuta daude gure senideak, berez espetxeko edozein erregimen baino gizatasun gutxiagorekin, ankerragoa, eskubide urraketa gehiagorekin.
Hala ere, badakigu egoera honi aurre egiteko erarik onena lanean jarraitzea dela, beti bezala; informatuz, ezagutaraziz, salatuz, lagunduz...
Gaur, apirilaren 17an, preso politiko guztiei eta haien senideei gure maitasuna, gure elkartasuna eta etorkizunerako itxaropen mezua helarazi nahi diegu, denok lanean jarraitzen baitugu. Etxean eta bizirik nahi ditugulako.