ETXERAT (2018-XII-10). Gaur Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren Eguna den honetan, kalera atera gara Iruñea, Gasteiz eta Baionan, eta zapi kateak eratu ditugu helburu batekin; pertsona ororen eskubide guzti-guztien errespetua, aitortza eta ezarpen unibertsal eta eraginkorra sustatu ditzaten.
Euskal preso politikoen senide eta gertukoek zapi kateak burutu ditugu, zapiari helduta, giza kateak osatuz, zeren frantziar eta espainiar estatuek oraindik aplikatzen duten salbuezpeneko espetxe politikak, hain justu presoen dispertsioa eta urrunketak, gure eskubideak urratu egiten dituelako.
Gure segurtasun propiorako eskubidea, osasun eskubidea, tratu anker eta ez gizatiar ez jasotzeko eskubidea, gure bizitzan, familian, komunikazioan esku-hartze arbitrarioak ez izateko eskubidea; gure senideekin lotura mantentzeko eskubidea, diskriminazio ororen aurkako babes eskubidea… Kontrapartidarik gabeko eskubideak dira hauek guztiak, baina zoritxarrez, frantziar eta espainiar estatuek duela 30 urte dispertsioa abian jarri zutenetik, izaera unibertsala kendu diete giza eskubidei.
30 artikuluz osaturiko enuntziatua osatzen du Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren deklarazioak. “Herri eta nazio guztiek izan beharreko jomuga legez, bai norbanakoek eta bai erakundeek eskubide hauen errespetua zein askatasuna eta hauen aitortza eta ezarpen unibertsal eta eraginkorraz sustatzea” du helburu deklarazio honek Nazio Batuen Batzar Nagusiaren arabera.
Euskal gizarteak, Euskal Herriko instituzio zein erakunde politiko eta eragileek salbuezpeneko espetxe politikaren bukaera eskatzen dute. Baina oraindik ere, euskal preso politikoen senide eta gertukoek modu zuzenean pairatzen ditugu politika ankerraren ondorioak. Ez zaie axola gu balizko bikitmak izaten jarraitzea; adin txikiengan dispertsioak modu bortitzean eragiten duena ez dute onartu nahi; berdin zaie presoen guraso eta gaixorik dauden senideak bisitarik gabe gelditzea, Gauzak horrela, estatuek ez dute zilegitasunik gaurko aldarrikapen unibertsala ospatzeko.
Kontrapartidarik gabeko gure eskubideen errespetuaren alde lanean jarraituko dugu; salbuezpeneko espetxe politika mantentzen duten arduradunak salatuko dugu aurrerantzean ere, gaur Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren egun honetan egin dugun bezala; eta gaurko eguna zinez ospatzeko baldintzak lortu arte, euskal gizartearengan mantentzen dugu gure konfiantza osoa eta euskal gizartearekin bidea egiten jarraituko dugu.
Etxean eta bizirik nahi ditugu!