ETXERAT (2019-XII-1). Etxerat Elkarteak Gasteizen duen egoitzaren kanpoaldean goizaldean jasotako erasoaren salaketa publikoa egin nahi du.
Espaniar estatuan gaur egun pairatzen den inboluzio politikoaren testuinguruan ulertzen dugu gure egoitza seinalatzearena, ikur naziak marraztuz. Bizikidetza eta konponbidearen bidean egindako lanari oztopoak jarri eta ondoeza zein ezinegona sortzeko helburuarekin egindako erasotzat hartzen dugu.
Etxerat elkartea jakitun da bizikidetza eta konponbidearen bidean oztopo eta trabak izango ditugula, baina konfiantza osoa dugu euskal gizartearen gaitasun eta borondatean, baita bake zein elkarbizitzaren agertoki berriarekiko adierazitako konpromisoa.
Euskal preso, iheslari eta deportatuen senide eta gertukoei asistentzia, aholkularitza eta laguntza ematen dizkie Etxerat Elkarteak, gure izaera hori izanik, zailtasun eta eragozpen ikaragarriak izan ditugu gure lana egiteko orduan, eta askotan erasoak pairatu ditugu. Horregatik bake zein elkarbizitzaren agertoki berriarekiko adierazitako konpromisoa berresten dugu oraingoan ere eta Gasteizen egindako erasoa bezalakoek ez digutela inoiz geldiaraziko azpimarratu nahi dugu.