ETXERAT (2020-I-12). Antton Troitiño Arranz preso politiko donostiarrak Madrilen dagoen Estremerako espetxea utziko du hurrengo orduetan, gaixotasun larri eta sendaezina izateagatik.
Urtarrilaren 11ko auto batean, Antton Troitiñoren osasun-egoera dela eta, Auzitegi Nazionalak 104.4 artikulua (3. gradua) aplikatu dio eta baldintzapeko askatasuna eman dio. Autoaren arabera, Troitiñok “oso gaixotasun larri eta sendaezina du, eta neurri aringarrien bidez baino ezin da tratatu, eta, beraz, espetxean egoteak horiek zaildu ditzake”.
Besarkada handi bat bidali nahi diegu Antton Troitiñori eta bere familiari une hauetan. Gure laguntza guztia eskaintzen diegu egoera zail honetan.
Gaixotasun larriak dituzten 17 euskal presoren zerrendan ez dago Troitiño. Hala ere, Etxerat-ek hainbestetan salatu duenez, Donostiako presoaren egoeraren jatorria espetxean jasandako muturreko baldintzak eta euskal presoek jasaten dituzten zigor luzeak dira. Beste behin ere, larriki gaixorik dauden presoen berehalako askatasuna eskatzen dugu.
Troitiñok 24 urte eman zituen espetxean, eta zigorra osorik bete ondoren, Huelvako espetxea utzi zuen 2011n. Ondoren, kanpaina politiko-mediatiko baten ondorioz, berriro ere Londresen atxilotua eta Espainiara estraditatua izan zen 2017an, non gaur egun sei urteko espetxe-zigorra betetzen duen.
Espetxetako Idazkaritza Nagusiak joan den urrian iragarri zuen Troitiño Soriako espetxera eramango zuela, Espainiako Gobernuak bultzatutako euskal preso politikoen lekualdatze eta hurbiltzeen testuinguruan.