Salbuespenezko espetxe-politikaren amaierak, urruntzea erabat desaktibatzeaz eta euskal presoen kasuan salbuespenezko beste neurri batzuez gain, presoen bizi-baldintzak duinak izateko eboluzionatu behar du
ETXERAT (2021-I-25). Antton Troitiñok Estremerako espetxean jarraitzen du oraindik ere, gaixotasun larria izateagatik Auzitegi Nazionalak hirugarren gradua aplikatu eta espetxetik irteera dekretatzeko autoa eman zuenetik 15 egun igaro direlarik.
Denbora guzti honetan, Donostiako presoa lau aldiz eraman dute ospitalera kimioterapia-saioak jasotzeko, oso egoera txarrean; haren familia espetxera bi aldiz joan delarik berarekin etxera itzultzeko asmoz. Azken 15 egun hauetan joandalo bi aldietan ezin izan zuten hori egin, izan ere, Espainiako Auzitegi Nazionalaren labirinto burokratikoaren ondorioz, joan den urtarrilaren 22ra arte (ostirala) ez zen irmo deklaratu urtarrilaren 11n emandako autoa, Antton Troitiñori 104.4 artikulua (3. gradua) aplikatzen ziona.
Autoa irmoa izan arren, ezin izan zen joan den ostiralean espetxetik irten bere gaitza duintasunez eta bermez tratatu ahal izateko eta bere senideekiko hurbiltasunean; izan ere, egun horretan bertan jakin zen espetxe-erakundeek Troitiñori 3. graduaren ordez, baldintzapeko askatasuna aplikatzea proposatzen duen txosten bat egin zutela. Fiskaltzak eta epaileak ez zuten horri buruzko erabakirik hartu eta presoa espetxean jarraitzea eragin zuen. Orain ez dakigu noiz askatuko duten.
Etxeratek haserrea adierazi nahi du, gaixotasun larriak dituzten presoen kasuan, pertsonen duintasuna errespetatzeko irizpide eta praktikarik ez dagoelako. Beste garai batean gaude, eta salbuespenezko espetxe-politikaren amaierak, urruntzea erabat desaktibatzeaz eta euskal presoen kasuan salbuespenezko beste neurri batzuk deseustatzeaz gain, presoen eskubideak errespetatzen dituzten jarreretarantz eta haien bizi-baldintzak duintzerantz eboluzionatu behar du.
Arreta ezaren ondorioak eta tratu iraingarria hurbiletik jasateagatik, Etxerat Elkartea aspalditik adierazten ari da espetxe-politika gizatiartu beharra dagoela, gure senide presoentzako osasun-arreta duinetik hasita. Nabaria da egoera larriagotu egin dela Covi-19ren pandemiarekin; izan ere, espetxeetako sindikatuek ere salatu dute osasun-asistentzia falta eta espetxe batzuetan medikurik ez dagoela.
Beste garai batean gaude, eta salbuespenezko espetxe-politikaren amaierak, urruntzea erabat desaktibatzeaz eta euskal presoen kasuan salbuespenezko beste neurri batzuez gain, presoen bizi-baldintzak duinak izateko eboluzionatu behar du.
Bere gaitzaren lehen sintomak 2020ko apirilean sentitu zituen Antton Troitiñok, baina espetxeetan osasun-asistentzia eraginkor eta duinik ematen ez denez, eta Estremerako espetxean, zehazki, mediku nahikorik ez zeuden eta isolamendu modulura ez ziren astero pasatzen, legeak hala dioen arren; hori dela eta, preso donostiarrak ez zuen behar bezala zuzendutako asistentziarik jaso joan zen irailera arte, hau da, bost hilabete beranduago. Abokatuak bere askatasuna eskatu zuen urriaren 27an.
Ezin dugu alde batera utzi kondena luzeek, lehen aipatu dugun asistentzia gabeziarekin batera, osasuna azkar hondatzea eragiten dutela, Covid 19k eragindako larrialdia eta arrisku erantsia gehituta.
Etxerat Elkartea espetxe-administraziora zuzentzen da berriro ere, osasun eskubidea eta osasun asistentzia duina preso guztiei bermatzeko eskatzeko. Espainiako eta Frantziako gobernuei berriro eskatzen diegu gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten 17 euskal presoen berehalako askatasuna, baita 65 urtetik gorakoena ere, preso guztiak Euskal Herrira hurbiltzen dituzten bitartean.
Etxean eta bizirik nahi ditugu!