ETXERAT. Juan Mari Maizkurrena euskal preso politikoa Auzitegi Nazionaleko instrukzio zentraleko epaitegiaren ebazpen bat indarrean sartzean gaur askatu egin dute, Hernaniko presoaren zigor espetxea indarrik gabe uztea erabaki baita, gaitz larria pairatzen duelako.
Maizkurrena 2010ean atxilotu egin zuten eta sei hilabete geroago fidantzapean aske atera zen, baina 2014ko maiatzean berriz ere atxilotu zuten eta geroztik espetxe ezberdinetan espetxeraturik egon da, Soto del Realen(450 km), Estremeran(520 km) eta Dueñasen(300 km). Gaur egun, Dueñasko espetxean zegoen, Palentzian.
Ebazpenak Maizkurrenaren osasun egoerari buruz sendagile forentseak idatzitako txostena oinarritzat du. Etxeraten ustez, Juan Mari Maizkurrenari Espainiako Zigor kodearen 80.4 artikulua indarrean jartzea albiste ona da, baina inolako oparirik ez diotela egin argi eta garbi adierazi beharra dago. Hernaniko presoak sendaezina den gaixotasuna du eta, batez ere, bere senideen ondoan egon behar du eta begirunezko tratamendua merezi du.
Juan Mari Maizkurrena eta bere gertukoak pairatzen ari diren muturreko egoera ezin da berriz ere gertatu, eta hori gertatu ez dadin, gaixorik dauden presoak alferreko luzapenetan jardun gabe askatzea ezinbestekoa da, eta honi loturik ere, euskal preso politikoek pairatzen duten urruntzea bertan behera utzi behar da. Gaur egun, hamabi dira gaitz larria pairatzen duten euskal presoak, eta Juan Mariren kasuan bezala, gaitz larri eta atzeraezinak pairatzen dituzten beste preso batzuk egon arren, zerrenda publiko horretan ez dira agertzen. Preso hauek ere aitzakiarik gabe eta horren truke ezertxo ere eskatu gabe kalean aske egon behar lukete, beraien gaitzak direla eta, beharrezko tratamendua duintasunez jasotzeko eskubidea dutelako.
Euskal Herrian itxaropenari ireki zaion fase berri honen ondorioz, euskal gizarteak bake prozesua eta gatazkaren konpontzea bukaeraraino eramatea erabaki du eta testinguru honetan, instituzioei eta eragile politiko eta sozialei gaixorik dauden presoak askatzeko eta sakabanaketa eta urruntzea bertan behera uzteko aurrerako urratsa egin dezaten deialdia luzatu nahi diegu.
Etxean eta bizirik nahi ditugu!