Gizonezkoen moduluan dauden euskal preso politikoek gaur gauean amaituko dute gose greba. Emakumezkoen moduluan dauden euskal presoek Itziar Morenoren lekualdatzea gauzatu arte mantenduko dute protesta neurri hori.
ETXERAT. Bere hasieratik 19 egun bete direnean, Fresnesko espetxean dauden euskal preso politikoek gaur emango diote amaiera gose grebari. Euren senideek Etxerati azaldu diotenez, kartzela horretako zuzendaritzak Itziar espetxez aldatuko dutela ziurtatu ondoren hartu dute erabaki hori, kartzela aldaketa horrek protesta abiatu zuen isolamendutik ateratzea ekarriko baitu.
Esan bezala, emakumezkoen moduluko euskal preso politikoek lekualdaketa hori hitz eman bezala gauzatu arte jarraituko dute protesta eta elkartasun neurriekin. Hala, bik gose greban jarraituko dute, eta besteak, kartzelak eskaintzen dituen otorduei uko egiten jarraituko dio.
Horrez gain, Itziar Moreno beste emakumezko euskal preso politikoak dauden kartzela batera lekualdatuko dutela hitz eman du espetxeko zuzendaritzak.