huuuuu.jpg

ETXERAT (2020-VII-18). Besarkada bero eta estu bat Fontso eta Piliren senideei.

Hogeita hamar urte igaro dira sakabanaketak Fontso Isasi eta Pili Arzuagaren biziak eraman zituenetik eta ordutik gauza asko aldatu dira Euskal Herrian, baina euskal gizarteak lortu nahi duen bake iraunkorraren oinarriak ezin izan dira finkatu.

Ahaleginik eta borondaterik ez da falta izan, baina haien bizitzak eraman zituen dispertsio politikak aktibo jarraitzen du, eta urruntzeak mina eta sufrimendua eragiteko helburua leialki betetzen jarraitzen du. Gobernuen aldetik urrats baldarrak baino ez dira ematen, eta hala ere, badaude salbuespen espetxe politikaren iraupena eta sufrimenduaren jarraipena eskatzen dutenak. Ez da erraza izaten ari, baina errealitate berri bat eraiki nahi badugu, adiskidetzea eta bizikidetza lortzeko bidean aurrera egin nahi badugu, urrunketa eta salbuespen politikak desaktibatzea beharrezkoa da; sufrimenduaren kausak desaktibatzea. Eta ez da erraza izango.

Horregatik, ez dugu nahi gaurko topaketa hau oroitzapenezko ekitaldi hutsa izatea. Pili eta Fontso beti egongo dira gure bihotzean, baina gainera, herri honen oroimenean egotea behar dugu. Beraien bizia eta 14 senide gehiagorenak eraman zituzten egoerak, inposaketak ezagutzea beharrezkoa da. Dispertsioaren biktima direla onartzea, aintzatespen hori gabe ez baitago inolako bermerik gertatu dena errepikatuko ez dela ziurtatzeko.

Era berean, ekitaldi hau sufrimenduaren amaierarekin eta dispertsioaren biktimekin dugun konpromisoa berritzeko aukera bat izatea nahi dugu; gure lana eta kontzientzia oinarri sendoa izan daitezen gertatu dena berriro gerta ez dadin, berme horrek bakarrik emango baitigu min gutxiagorekin aurrera begiratzeko aukera.

Bukatzeko, jakin dugu preso eta haien familien lagun handia zen Lucio Urtubiaren gaur zendu dela. Bere senide eta lagunei gure besarkada beroena. Eskerrik asko Lucio!