Kartzelako zuzendaritzarekin akordioa erdietsita, Fleury Merògis kartzelako euskal preso politiko eta kortsikarrek gaur utziko dute astelehenean bisiten murrizketagatik abiatu zuten gose greba. Uztailetik aurrera lehengo bisita kopurua berrezarriko zaie, hots, hiru bisita luze.

 

 

ETXERAT. Astelehenean abiatu zuten gose greba (D2 eta D3) eta patioan egiten ari ziren blokeo bidezko protestak (D1) bertan behera utziko dituzte Fleury Merògis presondegiko euskal preso politiko eta kortsikarrak. Pasa den hilean jakinarazi eta honetan aplikatzen hasi ziren azken bisita murrizketagatik jarri zuten martxan ekintza hau egoera berdina pairatzen dute preso politiko kortsikarrekin batera.

Presoek atzo zein gaur jakinarazi dutenez, bilera izan zuten D2ko (bigarren dibisioa) euskal preso politikoek eta kortsikarrek Fleuryko zuzendari, D2ko buru eta parloir buruarekin (bisiten arduraduna). Idatziz egun hauetan zehar konfirmatuko den akordioaren zain, hitzezko hitzarmen batera heldu ziren kartzela eta presoak. Honen bidez, murriztu zitzaien bisita luzea berreskuratu eta uztailetik aurrera lehengo bisiten kopurua izango dute berriz: hiru bisita luze hilean (bi astean metatzeko aukerarekin) eta hiru labur.

Zentzuzkoena zen irtenbide honengatik pozten da Etxerat Elkartea, baina kartzelak hartutako jarrera txalotu ordez, gisa honetako lehenengoa ez den urraketa bat dela gogorarazi behar dugu. Izan ere, aurretik ere esana dugu duela bi urte Fleuryn lau bisita luze izateko eskubidea zutela euskal preso politikoek.

Alde horretatik, eta azken urteetako kartzela horren bilakaera ikusirik, datozen hilabeteetan berriz errepikatu daitekeen egoera bat izan daiteke aste honetan bizi izan duguna. Beraz, aukera hori ez zaigula oharkabean pasatzen adierazi nahi diogu Fleury Merògis-eko zuzendaritzari, eta presondegiak nahi duena egiteko darabilen zigorgabetasuna eta horrek sortzen digun ziurgabetasuna ez dugula onartzen. Gure senideekiko urraketen aurrean Etxeratekin egingo dute topo beti. Bitartean, idatziz zein praktikan frogatu behar den bisiten normaltasunaren bueltaren zain geratzen gara.