ETXERAT (2021-IV-14). Bada garaia euskal presoen inkomunikazio-egoerarekin amaitzeko, urtebetez baino gehiagoz perimetro-itxierak egon ondoren eta COVID-19aren kudeaketaren ondorioz zailtasun handiak izan ondoren, gainera, batzuetan, ezinezkoa izan da urrutiko espetxeetara bidaiak egitea, senide askorentzat larritasun eta ziurgabetasun handiko testuinguru honetan.
Urtarrilaren azken itxieraren ondoren, espetxeetako pandemiaren kudeaketa tamalgarriak atzerapena ekarri du euskal presoen lekualdatzeetan eta hurbiltzeetan, eta ez hori bakarrik, gure senide asko trabatu dira tarteko espetxeetan.
Lokutorio bidezko ohiko komunikazioak eta kristalik gabeko bisitak ezin dira normaltasunez egin; badaude kristalik gabeko komunikaziorik gabe urtebete daramatenak ere, hala nola Logroñoko espetxea. Gaineratu behar da, bisita hauek egitea posible denean, ondoren presoak berrogeialdiak egin beharko duela.
Testuinguru honetan, Marixol Iparragirrek, 2019ko irailean Espainiaratu zutenetik, jasaten ari den egoera korapilatsua azaldu nahi dugu. Egoera hori, hain zuzen ere, dituen epaiketa kateari aurre egiteko egin behar dituen etengabeko lekualdatzeengatik eta, ondorioz, egin beharko dituen berrogeialdiengatik gertatzen da. Familiak esan duenez, Eskoriatzako presoak bederatzi koarentena baino gehiago jasan ditu urtarriletik. Gaur egun, egunean behin bakarrik atera daiteke ziegatik, telefono-dei baten edo dutxaren artean aukeratu behar duelarik.
Premiazkoa da Marixol Iparragirrek bizi duen egoera bezalakoak eta, oro har, komunikazioak berreskuratzeko eragozpenak ezabatzea. Horretarako, ezinbestekoa da presoen osasuna, segurtasuna eta eskubideak lehenestea. Egiaztatu da presoei txertoa jartzen hasi direla EAEko eta El Duesoko espetxeetan, baina oraindik Espainiako Osasun Ministerioaren estrategiari aurre egin beharko zaio, autonomia-erkidegoek jarraitzen dutena, presoei “txertoa aurrerago jartzea, txerto kopuruaren arabera” hain zuzen ere; adin-segmentuen irizpideak kontuan hartu gabe.
Etxeratetik COVID-19aren aurkako txertaketa-plan eraginkor bat lehenbailehen ezartzea eskatzen dugu, preso guztiak inplikatuko dituena, arrisku-kolektibo horrek immunitaterantz behin betiko aurrera egin eta espetxeetan bisitak egiteko eskubidea lehenbailehen berreskura dezan.