ETXERAT (2023-I-4). Presoen eskubideen aldeko irudia moldatu dugu. Ez dugu maparik behar, baina, geziek erakutsi diguten bideari jarraikiz, #Etxera Bidea Gertu mezua egia bihurtzen hasteko unea da.
34 urte; 34 urte luze igaro dira urruntze-politika indarren jarri zutenetik. Denbora horretan sufrimendu psikologiko, emozional, ekonomiko eta fisiko ikaragarria eragin du. Askok ezagutu ditugu Puerto edo Curtise, Castelló edo Fresnes. Sakabanaketa horrek astero ehunka kilometro egin behar izatera eraman gaitu, eta ondorio batzuk bereziki larriak eta itzulbiderik gabeak izan dira; nola ahantzi etenik gabeko joan-etorri horietan errepidean hil diren 16 pertsonak?
Baina egoera bortitz horrek euskal gizartearen parte garrantzitsu baten erantzuna eragin zuen; ideologiez harago, hainbat euskal herritar mobilizatu ziren presoen eskubideak ez ezik haien familienak ere urratzen zituen urruntze-politikari amaiera eman ziezaioten eskatzeko. Horrek esan nahi zuenaren jakitun izanik, hainbat lagunek besoz beso lan egin dugu, sufrikario horren bukaera helburu.
Zorionez, 2023. urtearen hasieran urruntze-politikaren amaiera espero dugu.
Gaur berriz elkartu gara bide horretan. Lortutakoa nabarmendu nahi dugu, eta bidearen azkenera arte lanean jarraitzeko konpromiso irmoa erakutsi. Izan ere, oraindik bide luzea geratzen da aurretik.
Presorik gehienak Euskal Herrian daude, bai. Zama handia kendu dugu gainetik, baina salbuespen-politikak indarrean jarraitzen du. Horregatik, trabarik gabeko bide bat aldarrikatzen dugu, gradu-aldaketak eta espetxe-baimenak salbuespenik gabe ezar ditzatela; legeak dioena bete dadila, ez diezaietela presoei legez dagokien eskubiderik ukatu edo murriztu.
Helburu horrekin elkartu gara gaur hemen, euskal presoen eskubideen alde lan egiten duten eragileekin batera. Askotariko eremu ideologiko eta profesionaletako pertsonak gara; egiazko bakea, egiazko bizikidetza lortzeko urratsak egin nahiak batzen gaitu.
Azken urteotan bezala Euskal Herritik lanean jarraitu behar dugu denok, etxerako bidea legeak dioenaren arabera gauza dadin.
Irudia moldatu dugu. Ez dugu maparik behar, baina, geziek erakutsi diguten bideari jarraikiz, Etxera Bidea Gertu mezua egia bihurtzen hasteko unea da. Irudi hau bazter orotara hel dadin nahi dugu, denok barnera dezagula, etxerako bidea oztopatzen duten salbuespen-neurriei amaiera emanik.
Elkarrekin bidea egiten jarraitzeko, Larunbatean Bilbon egingo den mobilizazioan parte hartzera dei egin nahi dizuegu.
Denon artean lortuko dugu.
Eskerrik asko