ETXERAT. Gaur Eusko Legebiltzarrak espainiar Gobernuari eta Espetxe Erakundeei, Legez Besteko Proposamen baten bitartez, gaixotasun sendaezin larriak dituzten presoak espetxetik ateratzea ahalbideratzea eskatu die, arrazoi humanitario eta duintasun pertsonala errespetatuz.
Etxerat Elkartea, Foro Sozial Iraunkorreko partaide garen heinean, presente izan da gaurko sesioan. Elkartetik positiboki baloratzen dugu gaurko ekinbidea, aurreko udazkenetik eragile politiko, sindikal eta sozial ezberdinen kontsentsua lortu nahian bultzatzen ari garen Akordio Sozial zabalen ildo berdinetik doan iniziatiba baita. Finean, urrunketaren amaiera eta larri gaixo diren presoen askatasuna lortzeko bidean beste harri bat gehitu da gaur Eusko Legebiltzarrean.
EAJ, EH Bildu, PSE eta Elkarrekin-Podemos legebiltzarkideen bozkekin, eta PPko ordezkarien ezetzarekin, Espetxe Erakundeen 3/2017 instrukzioa indargabetzea eta Barne Ministroak adierazitako irizpidea zuzentzea eskatu du Legebiltzarrak, “zeinaren arabera gaixo dagoen presoei ez zaien baldintzapeko askatasuna emango bi hilabeteko epean hiltzeko berehalako arriskua ez badago, irizpide horrek legalitate eta humanitate oinarrizko printzipioak urratzen dituelako eta halako erabakia ustez hartu beharko lukeen pertsonal medikuaren printzipio deontologikoen kontra doalako”.
Legebiltzarrak espainiar Gobernu eta bereziki Espetxe Erakundeei espetxe populazio osoaren bizitza, segurtasun eta osasun eskubideen errespetua babes dezatela eskatzen die, “botere publikoek sentsibilitate berezia adierazi behar dutelako espetxe politika zuzendu behar duten printzipioak eta, zehazki, Espetxe Erregelamenduaren 104.4 artikulua aplikatzean”.
Legez Besteko Proposamenak espainiar Gobernuari “espetxe-politikaren orientazioa adostu eta euskal erakundeekin partekatzea” eskatzen dio ere.