ETXERAT (2020-V-13). Ezagutu berri ditugu Espetxe Zaintzaren Idazkaritza Nagusiak Espainiar espetxeetan hartuko dituen deskonfinamendurako neurriak, eta, beste behin ere, euskal preso politikoen senide eta gertukook jasango dugun bazterketan jarri nahi dugu azpimarra.
Urrunketa eta dispertsioa pairatu ditugu hamarkada luzez, eta oraingoan ere azkenak izango gara gure senideak bisitatzen. Espainiako Barne Ministerioaren arabera, gainerako esparruetan ematen ari den “normaltasunerako prozesuaren” pare jartzea da neurri hauek hartu izanaren helburua. Zehaztutakoaren arabera, Hego Euskal Herriko eta Espainiako kartzeletako presoen komunikazio eta irteteko baimenak berreskuratuko dira, baina aipatzen dituzten komunikazio arrunt horiek, lokutorioen bidezkoak zein presoen irteera-baimenak, deseskaladaren 1. eta 2. fasean dauden lurraldeetako espetxeetan baimenduko dira soilik. Horrez gain, espetxea hartzen duen probintzia beretik abiatu ahalko dira soilik senide, lagun edota abokatuak bisita egitera. Alegia, ez da aurrerapausurik euskal preso politiko eta beren senideentzako. Ezin izango dugu, besteak beste, Andaluzia edo Levante aldera bidaiatu.
Orotara, 235 euskal presoetatik hiru besterik ez daude Euskal Herriko espetxeetan, gainerakoak beren senide eta ingurune intimotik 400 eta 1100 kilometro arteko distantziara urrunduta dauden bitartean.
Frantziari dagokionez, bestalde, neurri zorrotzak ezarri dituzte berriro ere bisitak errekuperatzeko. Besteak beste, astean ordubeteko bisita bakarra jasotzeko aukera izango dute, betiere espetxetik 100 kilometrora baino gutxiagoko distantziatik bidaiatuko duen kide bakarrarekin. Frantses Estatuan ere senideen gehiengoak ezin izango du, beraz, komunikaziorik gauzatu.
Berriro diogu: euskal preso politikoek eta beren senideek urteetan pairatutako espetxe politika ankerrak are bortitzagoak bilakatu dira orain, pandemia garaian. Jakin badakigu gorabeherak izan daitezkeela datozen hilabeteetan, senide adindu zein gazteenak kolpatuz bereziki, eta gerta daitekeenaren aurrean ozen eskatzen dugu presoak lehenbailehen Euskal Herrira gerturatzea.
Ezin dugu gehiago itxaron:
ETXEAN ETA BIZIRIK NAHI DITUGU!