ETXERAT. EHUko ikasturte hasierako ekitaldiaren harira, kontzentrazioa burutu zuen Etxeratek Bilbon astelehelen honetan, hilak 12. Bertan, erakunde horrek euskal presoei duela urte batzuk inposatu zien betoa salatu zen. Lurdes Rodrigezek Etxeraten izenean hitz egin zuen komunikabideen aurrean, jarraian dituzue burututako adierazpenak:

 

"EHUko 2016-17 ikasturteari hasiera emateko ekitaldian bildu gara euskal preso politikoen senideen, EHUko sindikatu, irakasle, AZP zein ikasleen ordezkaritza, EHUko eta Eusko Jaurlaritzaren agintariei gure eskaera helarazteko: euskal presoek EHUn ikasteko eskubidea dute. Presoak Euskal Herriko seme-alabak dira eta hemengo ikastetxeetan, euskaraz, ikasi nahi dute, horregatik, eskubide hori berma diezaieten galdegiten diegu EAEko agintariei.

Laurogeiko hamarkadan hasi ziren euskal presoak EAEko unibertsitate publikoan ikasten; baina, 2003an kaleratu zituzten, eta une honetan Espainiako espetxeetan dauden presoek ezin dute EHUn ikasi. Urte hauetan guztietan, EHUko eta EAEko agintariek ezer gutxi egin dute presoen ikasteko eskubidea bermatzeko.

Izan ere, Autonomia Erkidegoko Erakundeek ezintasuna agertu dute, eraso bidegabe horri legeen zein politikaren arloetatik erantzuteko. Berez, hedabideetan eta batzarretan agertu duten aldeko diskurtsoak ez du egunerokotasunean eraginkortasunik izan.

Horregatik, gaur, 2016-17 ikasturteari hasiera emateko ekitaldira etorri diren Eusko Jaurlaritzaren agintariei eta Unibertsitateko ordezkariei presoen ikasteko eskubidea berma dezatela eskatzera etorri gara.

Jaurlaritzako gobernukideei hezkuntza eskubidea gauza dezatela eskatzen diegu. 2004an onartu zen Unibertsitateko Legeak euskal herritar ororen ikasteko eskubidea jasotzen du, baita legeak behar duen garapena ere. Baina Lakuako agintari politikoek ez dute legeak agintzen duena bete.

EHUko Errektoretzari euren zeregina bete dezala eskatzen diogu. Orain arte, EHUk bere funtzio nagusiaren debekua onartu du, hots, Espainiako espetxeetan Euskal Herriko ikasle presoei irakasteko debekua. Orain arte, ez du lortu EHUk Madrilgo Gobernuak exijitzen duen hitzarmena, presoak matrikulatu ahal izateko.
Urteotan guztietan, Gasteizko Gobernua eta EHU Madrilera begira egon dira, hitzarmena noiz lortu; baina, eurei dagozkien ardurak eta zereginak bete barik.

Espainiar zein frantziar espetxe politikek euskal preso politikoak zigortzeko xedea dute: urruntze eta bakartze politikak, zigorren luzapena eta oinarrizko eskubideen urraketa... Hezkuntzaren debekua testuinguru honetan kokatzen dugu. Eta presoak zigortzeaz gain, gu geu ere, senitartekook zigortzen gaituzte.
Horregatik, politika anker hori gainditzea da gure xedea: hezkuntza eskubidearen urraketari amaiera ematea, hain zuzen ere. Xede hori lortzeko beharrezkoak diren neurri politikoak eta akademikoak har ditzaten eskatzen diegu EHUri, Hezkuntza Sailari eta Gasteizko Gobernuari.

Azken urteotan bezala, hezkuntza eskubidearen bi arlo nagusiri heltzeko eskaera egiten diegu:

- Espainiako espetxeetan dauden euskal presoek EHUn ikasteko behar den hitzarmena sinatzea.

- Gaurko bazterkeria eta disfuntzioak gaindituz, Frantziako espetxeetan dauden presoei EHUn ikasteko baldintza egokiak eskaintzea, kalitateko hezkuntza eta doakotasuna bermatuz. Horretarako, EHUren konpromiso sendoa ezinbestekotzat jotzen dugu.

Hezkuntza eskubidea bermatzeko bide honetan, Eusko Jaurlaritzaren eta EHUren konpromiso sendoa ezinbestekotzat jotzen dugu.

Xede bikoitz horretan, eskerrak eman nahi dizkiegu bide luze honetan egunean-egunean gurekin lanean ibili diren euskal sindikatuen ordezkariei eta EHUko irakasle, AZP eta ikasleei; eurei esker, euren lan isilari esker, gauzatzen baita presoen ikasteko aukera."