Etxerat

ETXERAT (2020-IX-26). Ibai Beobide Arza preso politiko bilbotarraren bi lagunek ezbeharra izan zuten atzo arratsaldean, Puerto III espetxera zihoaztenean bisitara.

Ezbeharra Cadizko probintzian jazo zen, atzetik zihoan autoak beraien kotxeari kolpea eman zion. Talkaren ondorioz, mina eta ondoeza jasan arren, bidaiarekin jarraitu zuten gaur bisita egin ahal izateko. Ezbeharren eraginez, autoa garabi batek eraman behar izan zuen eta, beraz, gainerako bidaia taxian egin behar izan zuten.

Etxerat elkartearen arabera, 348 ezbehar izan dira urrunketa politika indarrean denetik. Orotara, euskal preso politikoen 944 senide eta hurbilekoek sufritu behar izan dute sakabanaketaren oinazea eta, tamalez, 16 senide eta lagunen bizitzak bidean geratu dira.

Osasun larrialdia medio, joan den martxotik hona bisita gutxi egiteko aukera izan dute senide eta lagunek. Hala ere, urrunketa politikak ezartzen dituen arrisku eta estutasunak berehan dihardute, urteko lehen ezbeharra eraginik. Ezbehar horietako bakoitzean ageriko geratzen dira urrunketa politikaren arrisku, min eta ondorioak; horiek horrela, berauren amaiera premiazko neurria dela azpimarratzen dugu. Azken finean, salbuespenean oinarritutako espetxe politika hau atzean utzi behar den agertokia izan behar du, behingoz euskal preso politikoen, beraien senitartekoen eta hurbilekoen bizitzak eta osasuna erdigunean kokatuz.