ETXERAT (2022-V-15). Etxeraten XIX. Batzar Nazionalaren ospakizun hutsak eta gure senide presoei aholkularitza eta laguntza ematen jarraitu behar izateak, alarma argia piztu beharko luke, hori baita Espainiak euskal presoei bere legea aplikatzen ez diela erakusten duen frogarik argiena.
Pandemiatik atera berri ospatuko dugu asanblada hau. Gure senideak eta gu geu izugarri birrindu baigaitu pandemiak eta pandemiaren kudeaketak. Bi urte luzez komunikazioak etenda eta familia-lotura hautsita egon da; urduritasuna, ezinegona. Sufrimendu gehigarria pairatu dugu berriro ere.
Gezurra dirudi, baina 186 euskal preso politiko daude espetxean. Dagoeneko 30 urtetik gorako espetxe-zigorra bete duten senideak ditugu; 65 urtetik gorako adina dituztenak 20 inguru dira; 19 presok gaixotasun larriak dituzte. 32 erbesteratuk eta deportatu politikok jarraitzen dute EHra itzuli ezinik.
Ez da behin betiko orrialdea pasatzeko borondaterik antzematen, eta aspertuta gaude bere legezkotasuna ere aplikatzen ez duelako. 85 preso ez dituzte oraindik hurbildu; 168 preso baimenekin ateratzen egon beharko lirateke, eta 22 baino ez dira ari; 132 preso 3. graduan egon beharko lirateke, baina 14 baino ez daude. Paradigmatikoa da Etxeratek batzarrak egiten jarraitu behar izatea, baina jakin dezatela lanean jarraituko dugula herri hau pixka bat hobetzen laguntzeko eta gure senide preso guztiek askatasuna lortu arte.