Prents.

Datorren maiatzaren 3an Etxeraten Batzar Nazionala ospatuko dugu hemen, Iruñean.
Igandean, euskal errepresaliatu politikoen lagun zein senideak elkartuko gara, elkarte honek orain arte eta etorkizunean garatuko duen lana berresteko. Bere garrantzia, Batzarrarena eta Etxeratena, nagusia da. Oinarrizkoa. Funtsezkoa da.

Etxeratetik euskal preso politiko eta iheslarien senideei gizarte-laguntza eta arreta psikosoziala eskaintzen diogu. Etxerat gure bizitzako urte askotan bidai lagun izan da. Bisitak egin ahal izatea erraztuz, senideok bizi ditugun momentu zail eta urte gogorretan lagunduz, bidegabeko egoerei aurpegia jarriz. Lagun maite bat kartzelan edo erbestean izateagatik soilik, kondena gehigarri bat duten pertsonen elkargunea da. Etxerat gure etxea da. Gobernu espainol eta frantsesak darabilten giza eskubideen urraketa sistematikoen aurkako ahots kritiko eta deserosoa gara.

Iazkoa urte beltza izan genuela esanaz hasi genuen urtea eta okerrera egin du 2015an.
Etxerat eta senideak larriki erasotuak izan dira. Elkarte hau kriminalizazioaren jomugan jarri nahi izan dute. Istripuak, atxiloketak, zitazioak,... izan ditugu aurten ere gure lana egin izanagatik edota senide izateagatik. Ez dugu aukeratu, tokatu egin zaigu eta estatuek gure senide presoei min emateko erabiltzen gaituztela salatu dugu behin eta berriz. Dispertsioaren ondorioak mahai gaineratu eta honekin amaitzeko lana dugu ardatzetako bat. Maite zuten pertsonak bisitatzera zihoazelako bidean hil ziren16 pertsonen biktima izaeraren errekonozimendua aldarrikatu dugu etengabe. Pairatzen dugun sufrimenduarekin amaitzeko egiten dugu lan eta hori gizarte guztiaren ardura dela esan dugu behin eta berriz. Guztion artean egin behar diogu aurre eta egingo diogula esatera goaz igandean.

Horregatik, ospatuko dugun Batzar Nazional hau oso garrantzitsua da, babesa eta elkartasuna ardatz izango dituelako. Dispertsio politikak familia askori eragiten dio, senide, lagun, lankide,... Espetxetara edo han eta hemen bisitan joaten den oro gonbidatu nahi dugu batzarrera. Halaber, giza eskubideekin eta gatazkaren konponbidearekin konprometitutako gizarte eta eragile politikoak izango dira gurekin. Igandean, gure lanaren aldeko manifestua irakurriko da, gizarte eta eragile politikoen konpromisoa agertuz. Bakearen bidean aurrera egin eta sufrimendua behin betiko atzean utzi nahi dutelako, Etxerat sostengatzen dute, eta ezinbestekotzat deritzote bere lana.

Datorren maiatzak 3 denok dugu hitzordua Etxeratekin Iruñean. Giza eskubideen urraketekin amaitzeko helburua duen hitzordua. Preso eta iheslarien senide eta lagunei, dispertsio politikaren biktimei, oxigenoa emateko hitzordua.

Guk sufritzen ari garena ez dugulako inork pairatu dezan nahi. Igandean, denok Iruñara.