Granadako kartzelak ez zuen Unai Bilbao euskal preso politikoa atzo Euskal Herrira lekualdatzen utzi bere ama azken aldiz agurtzeko, eta gaur goizaldera zendu da.


ETXERAT. Unai Bilbao euskal preso politikoaren ama gaur goizean hil da bere semea azken aldiz ikusteko aukerarik gabe. Endekapenezko gaixotasun bat zuen eta gorabehera jarraiak, urteak ziren Granadara bidaiatu ezin zuela bere semea ikusteko. Unai, Alboloteko kartzelan preso (860 km), duela bi hilabete zeraman Euskal Herrira eraman zezaten eskatuz.

Azkenean, aste honetan onartu zioten eskaera, eta ostegunean hasi ziren horretarako tramiteak. Alabaina, amaren egoerak okerrera egin zuen. Nahiz eta emakumearen egoera oso delikatua zela esaten zuten mediku txostenak izan (denbora gutxi geratzen zitzaiola adierazten zen hauetan), eta Unairen arrebak egoeraz informatzeko kartzelara hots egin, presondegiak garrantzia kendu zien ohartarazpenei, eta presoa asteartera arte handik mugituko ez zela esan zuten. Horretarako datarik zehazten ez zuen Audientzia Nazionalaren erabakia aldatuz, ordura arte handik ez zutela mugituko erantzun zuen bertako zuzendaritzak, eta deia moztu zuten modu txarrean.

Une honetan, garrantzia berezia hartzen dute Euskal Herrira lekualdatuak izateko eskarien aurrean Audientzia Nazionalak emandako ebazpenek. Izan ere, familia bizitza egiteko eskubidea urratzen dutenen artean, honakoa bezalako egoera zen gure senideek argudiatzen zuten egoeretako bat. Eta hau zen, literalki, Audientzia Nazionalaren bozaren arrazoiketa:

“Senideen egoera kartzelara desplazatzeko eragozpen hipotetiko baten aurrean, horrek adin, osasun edota arrazoi ekonomikoei erantzunda, kartzelan preso dagoen pertsonak eskatu ditzakeen baimen ezohikoekin konpontzen dira”.

Aipatu dugun egoerarako ematen den denbora baterako lekualdaketari, “Ezohiko baimen” esaten zaiola argitu nahi dugu. Hau esanda, bistan dago, gure senideak ikusteko baldintza penagarrien mende jarraitzen dugun bitartean, aurretik eta ondoren gertatzen jarraituko den zerbait dela, eta hemen hipotetikoa den gauza bakarra, gure eskubideak direla.

Urrunketa eta bere gainean oinarritzen den dispertsioak, familia bizitza izateko eskubidea benetan urratzen duen adibide lazgarri baten aurrean gaude.

Etxeratetik, gure doluminak eta elkartasunezko besarkada bero bat bidaltzen diogu sendiari. Era berean, kartzela zein epaimahai batetik euskal preso politikoen zein gure aurka datorren edozein erabaki arbitrariori aurre egiteko gure lan egiteko konpromisoa berresten dugu.

Zentzu horretan, gogorazi nahi dugu datorren ostegunean, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean, gure Zapi Kateek, hau eta gainontzeko eskubide urraketen salaketa islatuko dutela. Berriz ere, bertan parte hartzeko deia luzatzen diogu gizarteari, eta bereziki, eragile sozial, politiko eta sindikalei, honakoa bezalako adibidea salatu eta oinazea sortzen duen ezohiko politika baten amaiera exijitzeko. NAHIKOA DA! DISPERTSIOA STOP!