ETXERAT (2023-V-25). Etxerat elkartearen XX. Batzar Nazionala ekainaren 18an burutuko dugu, goizeko 11:30etan, Iurretako Montoste elkartean.
21 urte betetzen ditu Etxerat elkarteak aurten eta bere XX. Batzar Nazionala ospatuko du. Bazen garaia data garrantzitsu honetan urruntzearen eta sakabanatzearen bukaera iragartzeko eta une hori iritsi da zorionez. Azkenik, presoak Euskal Herrira ekartzeko egindako lan nekaezinak bere fruituak eman ditu.
Sakabanatzearen osteko fase honetan hasten dugun denboraldi berriak hausnarketa batera garamatza, errealitate berriak planteatzen dituen beharretara egokitzeko eta haiei eraginkortasunez erantzuteko. Aurrerantzean ere, Etxeratek lanean jarraitu beharko du senideei babesa eman behar dielako; izan ere, 158 preso politiko ditugu eta 17 errefuxiatu eta bost deportatu dira oraindik Euskal Herrira itzuli ez direnak.
Testuinguru horretan azken urtean gertatutakoaren balantzea egingo dugu Iurretan, eta hurrengo urterako lan-ildoak finkatuko ditugu.