familiares de presos

Ostirala da. Gaur, gure senide eta lagunen abokatuek, dispertsioarekin amaitzeko beste urrats baten berri eman diote Euskal Herriari. Eta gutako askok, errepideetan, Euskal Herritik ehunka kilometrotara edo bidaia prestatzen izan dugu urrats honen berri.

Ondoegi ezagutzen ditugu espainiar eta frantziar estatuetako gasolindegi, herri galdu eta errepide bazterretako tabernak. 25 urte baino gehiago daramatzagu gure senide eta lagunak eraman dituzten tokietaraino bidaiatzen, euria, elurra eta izotzari aurre eginez. 25 urte baino gehiago, gure eskubideak, sistematikoki urratzen direla, asteburuz asteburu. Gureak, baita, nola ez, gure senideenak.
25 urte hauetan, 16 hildako eragin ditu dispertsioak. Ehunka zauritu, jazotako istripuetan. Aitortzarik inoiz izan ez duten biktimak. Aurten bakarrik, hamar izan dira dispertsioak eragin dituen istripuak.

Herri txikia gara eta milaka lagun izan dira atxilotuak, torturatuak eta espetxeratuak. Gizartearen ehuneko handi batek dispertsioa zuzenean bizi izan du. Eta milaka gara, oraindik ere, giza eskubide urraketa honen menpe bizi garenak. Testuinguru politiko berri honetan, egun, zuzeneko biolentzia eta erasoa pairatzen ari garen bakarrak alegia. Horregatik, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak hartutako erabakia oso garrantzitsutzat jotzen dugu. Oso garrantzitsua giza eskubideen urraketa batekin amaitzera bideratua dagoelako.

Dispertsioarekin amaitzeko euren esku dagoen guztia egitera deitu nahi ditugu eragileak. Dispertsioarekin amaitu giza eskubide urraketa guztiak errespetatzeko behingoz. Era berean, larriki eri dauden euskal preso politikoen kaleratzea eskatzen dugu. Larriki gaixo daudelako. Kalean egoteko eskubide osoa dutelako.

Ostirala da. Eta gaur ere, errepideetara irten behar gara. Urduritasun, neke, tentsio eta aurrean ditugun milaka kilometroekin, errepideetara.

Dispertsioa aplikatzeko eskubiderik ez da inoiz egon. Egun, jada, ez da aitzakiarik.