urtaran.jpg

ETXERAT (2020-V-28). Atzoko egunez, hainbat komunikabideren lanaren bidez, izan zuen Etxerat elkarteak EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak emandako epai baten berri: Gasteizko Udalari eskatzen dio 2017 dirulaguntza baten zenbatekoa erreklamatzeko elkarteari. Aipatutako laguntza, Bizikidetza, aniztasuna, giza eskubideen babesa eta memoria historikoa sustatzeko jarduera eta proiektuak garatzeko deialdiaren bidez eskatu genuen.

Gasteizko Udalaren Bizikidetza eta Aniztasun Zerbitzuak begi onez jo zuen Etxerat elkarteak aurkezturiko proiektua, aurrez eskatutako baldintza eta oinarri guztiak betetzen genituelako.

Espetxe politika garaikidearen dispertsio politikak preso eta senideengan eragindako kalte eta ondorioengan jarri nahi izan genuen fokua, ‘Dispertsioa argira ekarriz’ izenburuaren baitan ospatutako jardunaldi batzuekin. Euskal Autonomi Erkidegoko eta Nafarroako erakunde desberdinez gain, hamaika izan dira gaiaren inguruan iritzia eman duten Europear parlamentari eta giza eskubideen arloko erakundeak, eta guzti horien hitzak balioan jartzea izan genuen helburu.

2017ko urriaren 16tik 22ra ospatu genituen, hiriko Probintzia Plazan kokaturiko karpa batean, doako sarbide irekiarekin. Eragile politiko, sindikal eta sozial ezberdinak gerturatu ziren bertara, ekimenaren gardentasun eta pluraltasuna agerian utziz. Halaber, hiriko udalbatza osatzen duten talde politiko eta eragile guztiei luzatu zitzaien gonbita. Ia gehiengo osoan gerturatu ziren haiek ere.

Azpimarratu nahi dugu ere Etxerat elkarteak beharrezko ordainagiri eta gainerako zuriketa dokumentuak aurkeztu zituela zehaztutako epean, Gasteizko Udalaren oniritzia jasoaz. Proiektu honen helburuak bat egiten du Eusko Legebiltzarrak zein Nafarroako Parlamentuak sinatutako adierazpen instituzionalekin.

Horregatik, Etxerat elkartetik desadostasun osoa adierazi nahi dugu EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak erabilitako argudiaketarekin. Izan ere, neurri alderdikoi gisa jo dute dirulaguntzaren ordainketa, beren sortze-xede, gauzatze eta parte-hartzeari dagokienean ekimenaren aniztasuak guztiz aurkakoa irudikatu zuenean.

Azkenik, nabarmendu nahiko genuke diruz lagundutako ekimenaren helburuak - dispertsio politikaren ondorioen salaketa partekatzea-, bat egiten duela bere osotasunean denbora tarte honetan Eusko Legebiltzarrak eta Nafarroako Parlamentuak sinatu dituzten adierazpen instituzionalen edukiarekin