- Espainiako gobernuak euskal presoen giza eskubideak urratzen dituen espetxe politika honi eutsiko diola harro iragarri du.
- 1989az geroztik sakabanaketaren ondorioz euskal presoen senide eta lagunen bizitzak sufrimenduari loturik daude.
Hernani. Maiatzaren 15ean Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan Espainiako gobernuaren ordezkaritzen aurrean egindako elkarretaratzeen bidez euskal preso politikoen sakabanaketa era orokor, sistematiko eta kolektiboan indarrean jarri zenetik jadanik 25 urte igaro direla salatu du ETXERATek. 1989an Espainiako agintariek erabaki politiko baten ondorioz sakabanaketa helburu politikoak lortzeko indarrean jarri behar zela erabaki zuten, eta hori gertatu zenetik jadanik 25 urte luze eta latz igaro dira. Urte hauetan euskal preso politikoen senide eta lagunen bizitzak sufrimenduari loturik gelditu dira, alde batetik, sakabanaketak euskal presoen eskubideak urratzen dituelako eta, bestetik, senide eta lagunei dagozkien eskubideak ere sakabanaketaren ondorioz urratzen direlako.
Gaur egun, 491 euskal preso politiko Frantzia eta Espainiako 78 espetxe ezberdinetan sakabanaturik daude, eta askotan bizi-baldintza gogorrak pairatu behar dituzte, bakartzea dela, osasun zerbitzu egoki eza dela, jipoiak direla, mehatxuak direla, eskubide murrizketak direla…Azken urtebete honetan hiru euskal preso hil dira eta senideei presoak hilik aurkitu dituztela telefono dei hotz baten bidez jakinarazten zaie. Urte luze hauetan espetxeetarako bidean 16 senide hil dira errepideetan izaniko istripuetan, eta beste hainbat zauriturik suertatu dira. Beraz, sakabanaketak sufrimendua eragiten du eta neurri berezi honen krudelkeria agerikoa da.
Sakabanaketa 1989an hasi zen, PSOE agintean zegoela, eta hasieratik EAJ/PNV espetxe politika honen alde agertu zen, jelkideek adierazi bezala, “sakabanaketa euskal presoek askeago sentitzeko eskatu zietelako”. Geroztik, Espainiako gobernu guztiek sakabanaketari eutsi diote eta maiatzean bertan Jorge Fernandez Diaz, Espainiako barne sailburuak gobernuak sakabanaketari eutsiko diola adierazi du. Era berean, giza eskubideak urratzen dituen espetxe politika hau ez dutela bertan behera utziko harro asko iragarri du. ETXERATek Espainiako gobernuak euskal presoen aurkako mendekua ez duela baztertu nahi eta gorrotoz jokatzen ari dela salatu du.
ETXERATek sakabanaketa bertan behera utzi behar dela adierazi du, bakean arnasteko bideak zabaldu behar baitira. Sakabanaketak giza eskubideak urratzen ditu eta honelakorik ezin da onartu. Sakabanaketa ez da gizarte multzo baten arazoa, euskal gizarte osoaren arazoa baita, eta sakabanaketa itotzeko guztion ahaleginak, ekimenak, ekarpenak eta lana behar-beharrezkoak dira.