ETXERAT (2020-IV-26). “Etxera” aldarria ozen zabalduko dugu aurten ere San Prudentzio egunaren baitan. Aurten gainera, zoritxarrez, salbuezpeneko espetxe politika bere horretan mantentzen dute eta horri gehitu behar zaio koronabirusaren eraginez pairatzen duguna, hau da, ezin dugula gure senide presoak bisitatu eta dauden espetxeetan benetan zer gertatzen ari den ez dakigula eta horrek gure sufrimendua areagotu egiten du.

Jakin badakigu garrantzitsua dela haientzat senide eta lagunarekiko kontaktoa mantentzea, herri eta etxeko berriak izatea, horregatik, pandemiaren hasieran egin genuen bezala, berriro ere, presoei gutunak idazteko deia zabaldu nahi dizuegu, bakarrik ez daudela gogorarazteko eta nola dauden ezagutzea inporta zaigula adierazteko.

Aurten ezin izango dugu Armentian elkarretaratzea gauzatu. Ezin izango dugu giza eskubideak aldarrikatu: larri gaixo presoak eta 65 urtetik gorakoak aske utzi, motxiladun umeen sufrimenduarekin bukatu, dispertsioa bukatu. Baina “Euskal preso eta iheslariak etxera!” lelopeko ikurra gure lehio eta balkoietan jarriko dugu, lehenbaitlehen, deseskalatzearen baitan, ahal bezain laster, presoak hurbildu ditzaten.

San Prudentzio egun zoriontsua igaro!

Eskerrik asko eta zaindu!

sanprudentzio.jpg