Hala ere, Giza Eskubideen Auzitegiak gure senide preso bakoitzak sufritzen duen desherriratzearen inguruko balorazioa egin beharko du, kasuz-kasu.
ETXERAT. Euskal preso eta iheslari politikoen senide eta lagunen elkartea den Etxeratetik balorazio ezkorra egiten dugu Europako Giza Eskubideen Auzitegiak hiru presok urruntzearen aurka aurkeztutako helegiteatramiterako onartu ez izana. Helegitea 2013an aurkeztu zuten Alex Zobaran, Ione Lozano eta Urko Labakak, hirurak Lyongo espetxean preso zirenean.
Duela gutxi Josetxo Arizkuren euskal presoak bere urruntzearen aurka auzitegi berean aurkeztutako helegitearekiko erabakiaren gainean eragina izango duelakoan gaude. Modu berean, Estrasburgoko Auzitegiaren erabakiak eragina izango du Estatu espainiarran espetxeratuak dauden gure 260 inguru senideen errekurtsoengan, Espainiako ibilbide juridikoa amaitutakoan, bakoitzak bere bide propioarekin Europara begira jarriko direlarik.
Europako Giza Eskubideen Auzitegiak helegite hauek ez tramitatzeko erabili dituen arrazoiak ere salatzen ditugu. Jasotako bisita eta egindako dei kopuruak ez dute egun euskal preso politikoen senide eta lagunek sufritzen dugun dispertsio politika leuntzen. Gure senide presoarekiko dugun maitasun eta pertseberantziak milaka kilometro bidaiatzera eragiten digu ordu gutxitako poztasuna jasotzeko.
Edozein kasutan ere, helegite honen gaineko erabakiak ez du gainontzeko kasuei atea ixten. Izan ere, Josetxo Arizkurenen eskaeraren harira gure senide presoentzat deserrirako zigorra den eta guretzat, senide eta gertukoentzat, astero bidaia luze eta garestiak egitera behartuta gaudelarik, lotura afektiboak mantendu ahal izateko eta gure senideekin bizitza konpartitzeko urruntasunak suposatzen duen zigor gehituari begira, elementu gehiago planteatzen dira helegitean. Tramiterako onartu ez izanak kasu hauei dagokie, baina euskal preso politiko, senide eta lagunen eskubideen urraketa ematen diren kasu guztiak aztertu beharko ditu Estrasburgoko Auzitegiak.
Argi utzi nahi dugu, bitartean, gure senide presoen urruntasunarekin behingoz bukatu ahal izateko, testuinguru politiko eta sozialaren baitan konpondu beharko dugula auzia. Horretarako, adostasun eremuak gauzatu behar ditugu, giza eskubideen errespetuaren aurka espainiar eta frantziar estatuek mantentzen duten salbuespeneko neurriekin bukatzeko, indar politiko, sindikal eta sozialekin lantzen ari garen Akordio Soziala kasu.