Legebiltzarreko alderdi politikoek eta eragile sindikalek eta sozialek premiazko eskaera egin behar diete Espainiako Gobernuari, Barne ministroari, Espetxe Instituzioaren idazkari nagusiari eta osasun agintariei, jendearen aurrean aldizka ager daitezen 

ETXERAT (2020-IV-21). Espainiar Estatuko espetxeetan alarma piztu da. Pertsona presoak eta haien familiak zoriaren esku utzi dituzte, ez direlako aplikatu, premiaz eta modu orokorrean, Nazioarteko Erakundeek, hala nola, Munduko Osasun Erakundeak (MOE), Europako Kontseiluak eta pertsona presoen eta haien senitartekoen laguntzaile moduan lan egiten duten elkarteek gomendatutako neurriak.

Gaur egun 199 euskal preso politiko daude espainiar Estatuko espetxetan eta haietako bi besterik ez daude Euskal Herriko espetxetan, gaixotasun larriak dituzten presoen zerrendan 17 preso daude (haietako bi Estatu frantsesean), arrisku taldea osatzen duten 2 preso daude, 70 urte baino gehiago dituztelako (65 urtetik gora 11 preso daude) eta lau haur daude espetxean haien amekin. Baina Espainiako espetxe ezberdinetan dagoen populazio orokorra 60 mila pertsonatik gorakoa da gaur egun; honek esan nahi du espetxe bakoitzean preso kopuru handia dagoela, kutsatzeko arriskua handituz.

Jakin dugun lehen gauza izan da espetxeetan ez dela pandemiaren garapenari buruzko informaziorik errazten, informazio falta hau kanpoan ere somatzen dugu, baina gatibu dauden pertsonei eragiten die zuzenean, informatzeko eskubidea eta osasun eskubidea urratzen zaielako. Badakigu kutsatutako preso eta funtzionarioei buruzko datuak ematen direla noizbehinka, baina uste dugu datu hauek ezkutatzen ez direnean minimizatzen direla, benetako egoera ez azaleratzeko, eta hau oso larria da. Kutsatuta dauden presoen kopuru ofizialak oso txikiak dira, espetxeetako funtzionarioen artean ehunka kasu erregistratu diren bitartean. Espetxeak kanpoko kontatutik isolatzeko neurri honek hermetismoa gehitzen dio berez datuak eta informazioa ezkutatzen duen inguru honi.

Osasun arretari dagokionez, espetxeetara egokitutako prebentzio eta laguntza egitasmorik ez dela diseinatu jakin izan dugu: Epidemiari aurre hartzeko eta aurre egiteko oinarrizko neurriei dagokienez, testa egiteko aukera ez zaie eman espetxeetako funtzionarioei eta are gutxiago presoei. Gainera presoei ez zaie erraztu ez eskularrurik ezta maskarillarik ere, eta desinfektatzeko materiala ez zaie eman, kasu batzuetan debekatu zaielarik. Badakigu ejerzitoak espetxe batzuk desinfektatu dituela, baina presoek ez dute profilaxi egokia egoera honi aurre egiteko.

Espetxeetako osasun pertsonalaren plantilla ez da indarberritu, eta aurretik osasun asistentzian hutsuneak zituzten espetxeetan ez da arazo hau konpondu, beraz, espetxeetan ez dago prebentzio eta asistentzia plan zehatzik.

Preso prebentiboak, kondena motzak dituztenak, hirugarren graduan daudenak, larriki gaixorik daudenak eta 65 urtetik gorakoak ez dira askatu. Pertsonak oso larri daudenean askatzen dituzte soilik, haien estatistiketan heriotzak ez agertzeko asmoarekin.

Senitartekoekiko komunikazioak eteteari dagokionez, espetxe guztietan eta pertsona preso guztiei ez zaizkie bermatu ezinbestekoak diren baliabide telefoniko eta telematikoak, lotura afektiboa mantentzeko eta espetxean dauden pertsonen familiek bizi duten larritasunaren eta desinformazioaren ondorioak ekiditeko ezinbestekoak direnak. Eta gainera badaude espetxeak non euskal preso politikoei espresuki debekatu zaien bideo-deiak egitea, preso arruntei baimena eman dieten bitartean.

Uste dugu legebiltzarreko alderdi politikoek eta eragile sindikalek eta sozialek premiazko eskaera egin behar dietela Espainiako Gobernuari, Barne Ministroari, Espetxe Instituzioaren idazkari nagusiari eta osasun agintariei, jendearen aurrean ager daitezen eta azal dezaten:

  • Espetxeetan pandemiaren zabalkundea ekiditeko prebentzio neurriak zein diren.
  • Zein baliabide erraztu zaien gatibu dauden pertsonei desinfekzio egoki bate egin ahal izateko.
  • Espetxean dauden pertsonen bizitza familiarra bermatzeko zein baliabide eskainiko zaien komunikazio ohikoak eta ezohikoak berreskuratu bitartean.
  • Zergatik ez diren aplikatu modu zorrotz eta orokortuan MOEak, Europako Kontseiluak eta pertsona presoak eta haien senitartekoak sostengatzeko lanean ari garen elkarteok proposaturiko neurriak.

Gu presoen senideak garen heinean informazio hau eskuratzeko, gure senideen osasuna babestua izaten ari den jakiteko eta gaixotasunak eta kutsatuak daudenean jarraituko den plan asistentziala zein den jakiteko eskubidea dugula uste dugu. Baina badakigu kezka hau ez dela soilik gurea, gizarteari orokorrean, haien eragile politiko, sozial eta sindikalei eta baita erakundeei ere eragiten baitio egoera honek.

espetxe.jpg