Atotxan

Urtarrilaren 13an Auzitegi Gorenak zigor pilaketaren inguruko ebazpena publiko egingo du. Espetxealdiak luzatzeko helburuarekin eginiko amarru legalaren inguruko epaia hain zuzen. Urtarrilaren 13an, hurrengo asteartean, Espainiako Erreinuak, beste behin, tranpa eta amarruen aldeko apustua egiten duen ala ez jakingo dugu. Tranpen alde egin dezake ala, behingoagatik, salbuespen neurriak deuseztatzen hasi daiteke. Giza eskubideen errespetuaren alde egin ala Europako lege bati muzin egin; hortan dago, bada, gakoa.


Gaur hemen bildu garenoi neurri horrek zuzenean eragiten digu. 56 pertsona dira zuzenean kaltetuak. Baina 56 pertsona horien atzean familia osoak daude. Estatuak pertsona horiek nola edo hala espetxean mantentzeko apustu garbia egin du. Legearen gainetik, Europaren gainetik, guztiaren gainetik; espetxe politikan mendekua gure herriaren aurka erabiltzen, berriz ere. Pertsona moduan, maite ditugun horiek euren kondenak behin bete dituztela, espetxean mantendu nahi izateak atsekabea besterik ez digu sortzen. Mina, hasarrea, nekea. Senide moduan ostera, mendeku politikaren beste adierazle bat besterik ez dela uste dugu. Mendekua, kotxea hartu eta milaka kilometro egitera behartzen gaituztenean bezala. Oraingoan, ostera, bada aldaketa kualitatibo bat. Orain artean, estatu espainiarrak giza eskubideak sistematikoki eta euren legeak momentuko interesen arabera urratzen zituen. Oraingoan, giza eskubideak berriz urratzen dituzte baina, horretaz gain, Europako legedia urratu nahi dute, gustatzen ez zaielako; urratu, tranpa egin. Eskandalu juridiko berri bati hasiera emanez.


Tamalez, ez da horrelako egunak bizitzea egokitzen zaigun lehen aldia. "Deja vu" edo egoera konkretu hau bizi izanaren sentsazioarekin gaude. Europari egin nahi dioten tranpa berri honen hastapeneko pausua 196/2006 doktrinan dagoelako. Estrasburgoko epaileek astindu ederra eman zioten espainiar estatuari orduan. Gobernuak onartu berri duen bezala, espainiar estatuko legedia, Europako Lege batek ekarri behar dituen onurak bertan behera uzteko moldatu nahi dute. Korrika eta presaka, mendekua helburu, legeak euren interesetarako moldatu zituzten orduan eta oraingoan iguala egin nahi dute. Europak aginduta, Legediaren moldaketa 2010eko abuztua baino lehen egitera zegoen estatu espainola baina ez zuten egin, zergatik ibili dira hain motel? Eta hain motel ibili ostean zergatik ari dira orain dena korrika eta presaka egin nahian? Espaniar estatuko legegileek, kontzienteki, nahita, moldatu al dezakete espaniako legedia Europako Lege bat betetzea ekiditeko? Ez. Ezin dute. Eta hori eginez gero, Europako Zuzenbideari muzin egiten ariko dira. Urtarrilaren 13an, legea normaltasunez aplikatzen hasiko dira ala eskandalu juridiko berri bat sortuko dute?


Egoera hau salatzeko, eta betirako horrelakoekin amaitzeko larunbat honetan Bilbora joateko deia zabaldu nahi dugu hemendik. Arratsaldeko 17.30etan zita bat daukagu Bilboko kaleetan gureak diren eskubideak, giza eskubideak, errespetatu ditzaten. Denon artean egin beharreko lana da hau eta denok gara beharrezkoak helburua erdiesteko. Dispertsioarekin eta salbuespeneko legediarekin amaitzeko unea da. Uneoro ari dira gure giza eskubideak urratzen. Noiz arte? Guztion artean egin beharreko lana da. Guztiona. Politikerietatik aldendu beharreko urratsa. Pausurik eta oinarrizkoena. Giza Eskubideen inguruan ari garelako.

Eskerrik asko.