ETXERAT (2022-III-31). Etxerat elkartetik elkartasuna adierazi nahi diegu Arantza Zulueta, Jon Enparantza eta Iker Sarriegi abokatuei eta Naia Zuriarrain presoekiko solidarioa denari, Espainiako Auzitegi Nazionalak 13/13 auzian espetxe zigorrak ezarri dizkielako. Julen Zelarain, Saioa Agirre eta Nerea Redondo absolbitu ditu.
Une zail honetan, gure besarkada helarazi nahi diegu lau kondenatuen senide eta lagunei ere.
Zentzugabekeriatzat jotzen dugu presoen eskubideen alde egindako jardueragatik kondenatzea. Euskal herritarren aurkako salbuespen penitentziario eta juridikoari eutsi nahi dio auzitegi honek, egun, inolako zentzurik ez duen logika baten pean, espetxeak hustu eta bizikidetza eraiki nahi dugun herri honetan bizi dugun garai berriarekin zerikusirik ez duen logika.