ETXERAT (2019-V-15). Pasa den asteburuan Albocasserreko espetxean (Castellón II, Euskal Herritik 550 kilometrotara) dauden Juan Ramon Karasatorre eta Harriet Iragi euskal preso politikoen senideek jasandako tratu arbitrario eta onartezina salatu nahi du Etxerat elkarteak, eta baita bi presoen emazteei jarritako zigor neurrigabea ere, 6 hilabetez bisitarik gabe utzi baitituzte.

Juan Ramon Karasatorreren emazteari, beti bezala, erraketa pasatu zioten bisitara sartu aurretik; baina kasu honetan, bularretakoak ez pitatu arren, funtzionarioak garrasika eta errespeturik gabe esan zion eskua sartuko ziola bularretan. Karasatorreren emazteak uko egin zion ukitzeari, bularretakoak pitatu ez zuela argudiatuz, eta behar izanez gero bularretakoa kenduko zuela esanez.

Orduan presoaren emaztea kalera atera zuten, bisitarik gabe geratuko zela esanez; egoera honen aurrean, Karasatorreren alabak, eta baita Harriet Iragiren senideek ere, Karasatorreren emaztea bisitarik gabe geratzen bazen haiek ere ez zirela bisitara sartuko adierazi zuten.

Tentsio eta urduritasun handiko une horretan, bi zerbitzu buru agertu ziren eta senideek bisita gauzatu zezaketela adierazi zuten, gainera Karasatorreren emazteari arrazoia emanez, pitatzen ez bazuen ez zegoelako ukitzeko beharrik. Bi presoen senideek bisita normaltasunez gauzatu zuten. Hala ere, bi presoek atzo ohar bat jaso zuten, non bai Karasatorreren emaztea eta baita Iragirena ere, 6 hilabetez bisitarik gabe zigortuko dituztela adieraziz.

Gainera, aipatu beharra dago, funtzionarioen aldeko enpatiarik gabeko testuinguru arbitrario berean, hasieratik arazoak egon zirela euskal presoen senideekin, hiru urteko haur bat sartzea debekatu baitzuten, Harriet Iragiren emazte, alaba eta lehengusuarekin batera halako bidai luzea egin ondoren, eta ahaidetasuna ziurtatzen zuen dokumentu eta baimen guztiak eraman arren.

Erabat salagarria eta onartezina da bi presoen senideei eman zitzaien tratua, gainera samingarria eta neurrigabea da bi preso hauen emazteei ezarritako zigorra. Astebururo ehunka senide eta lagunek egiten duten bezala, bi familia hauek 1.000 kilometro baino gehiago gauzatu behar izan zituzten maite duten pertsonarekin egon ahal izateko; gainera, haien eskubideak urratzen dituen salbuespenezko neurri anker honi gehitu beharra dago asteburu honetan bizitako bidegabeko egoera eta ezarritako zigorra, baliogabetzea espero duguna.