resa.jpg

ETXERAT (2020-VI-20). Gaur Donostiako Trinitate Plazan agerraldia eskaini dugu, bertan euskal preso eta senideen lagun talde bat eta euskal presoen senideak izan gara. Elkartasun dinamika bat aurkeztu dugu. Jon Ander Resa, solidarioen izenean eta Xochitl Karasatorre senidea izan dira hizlari.

Senideen lagunen hitzartzea:

Euskal presoen senideek dirua behar dute erregaia eta bidesarietarako. Sakabanatutako 226 presoen senitartekoek 48 kartzeletara bidaiatzen dute astero Espainia eta Frantziako estatuak zeharkatuz. Hori horrela, urtean 11.752 bidaietaz hitz egiten ari gara, guztira 14.617.304 kilometro igaroak.

Kilometro guzti horiek egiteko 1.140.150 litro gasolina behar dira. Ia 1.500.000 €-taz ari gara, 1.482.195 € zehatz-mehatz.

Zenbaki potolo hauek hotzak eta, era berean, argigarriak dira. Familiek pairatzen duten dramaren zati bat adierazten dute kopuru hauek. Errealitate gordin honen aurrean, ez gara beste behin besoak gurutzaturik geratuko. Presoen eta beraien senideen lagunek, beraien errealitatetik hurbil dagoen jendeak, elkartasun-dinamika bat abiarazi nahi du familia hauei ekonomikoki lagundu asmoz.

Duela bi urte eta erdi antzeko agertokia bizi genuen Etxeratek presoei zein senideei laguntza juridiko eta sanitarioa ematea erabaki zuenean. Eremu ezberdinetatik bildutako pertsona ezberdin askok parte hartu zuten egun horretan eta, senideei laguntza indartzeko helburuz, euskal gizarteari elkartasunerako deia luzatu zion.

Orain, tamalez, Covid-19 gaixotasuna egoera larrienetan dauden pertsonei ondorio negargarri eta gordinetara bultzatzen ari da, tartean euskal preso eta senide zein hurbilekoak kolpatuz.

Horiek horrela, elkartasun-dinamika bat abiaraziko dugu gaur, neurri batean, krisi global honek euskal preso politikoen senideei eragiten dieten ondorioak arintzeko. Oraindik orain, sakabanaketa eta urrunketa politikak beraien azaletan sufritzen jarraitzen baitute. Uda hasieratik Euskal Herriko herri eta auzo guztietan gauzatuko den konpromiso solidarioari buruzko informazioa eskainiko duen webgunea ere zabalduko dugu.

Presoen senideen hitzartzea:

Lehenik, argi eta garbi adierazi nahi dugu euskal presoak Euskal Herrira ekartzea ezinbesteko neurria dela igarotzen gauden krisi sanitarioaren aurrean. Hiru hamarkada baino gehiago igaro ditugu Espainiako eta Frantziako errepideetan, 16 senide eta lagunen bizitza galduz, eta ehunka ezusteko eta gertakari sufritzera behartu gaituztelarik.

  • Hiru hilabete hauek oso gogorrak izan direla esanda, motz geratzen gara gure mina adierazteko. 100 egun baino gehiago igaro ditugu bisitarik gabe. Bisitarik ez edukitzeaz gain, ziurgabetasun ezak gure gorputz jipoituetatik higatzen dihardu, nola egongo ote diren galdetuz minutuak igarotzen doazen bitartean. Pandemiaren konfinamendu parametroetan, gure senitartekoen urruntzeak, gure sufrimenduaren motxila sakondu du. Deseskaladak agerian utzi du urrunketa politika zigor erantsia dela, 33 urte guzti hauetan bizi izan dugun zigor erantsia.
  • Momentuz, ez da bisitarik euskal preso politikoentzat. Ez dute kartzelatik inor atera epidemia dela eta; ez dituzte larri gaixo diren 17 euskal preso politikoak aske utzi; ez dituzte 65 urtetik gorako euskal preso politikoak libre utzi; are gutxiago beraiekin batera seme-alabak kartzelan dituztenei edota haurdun dauden presoei askatasuna eman. Halaber, irteera-baimenak zituzten 5 euskal preso politikok ezin izan dute atera izan, beste probintzia batzuetan dauden espetxetan daudelako arrazoitzat hartuz.

Gure senideak 0 kilometrora hurbiltzen ez diren heinean, hau da, familia ingurunetik gertuen den espetxetara hurbilduak ez badira, gasolinarako dirua behar izaten jarraitu beharko dugu. Bien bitartean, inongo Euskal Herriko gerturatzerik gabe, errepideetara itzuliko gara:

• Senide eta lagunon %75ek 800 eta 2.200 kilometro arteko distantziak egin beharko ditugu bisitak egin ahal izateko. 40 minututako bisitak egiteko aukera izango dugu, ez besterik momentuz.

•Osasun-arrisku honekin, gure haurrekin eta adineko pertsonekin bidaiatzeko arriskuari eta sufrikarioari zama erantsi beharko diogu. Musukoarekin bidaiatzeko zailtasunak, ordu luzeak eta baldintza bereziei aurre egin beharko diegu.

• Pandemiak izan dezakeen atzera bueltak nabarmenki kezkatzen gaitu.

• …eta, berriro ere, jasangaitza den gastu ekonomikoa handitzea ekarriko du.

Hortaz, deposituak bete elkartasun! https://www.depositoakbete.eus/