txelis jon.png

PREST. Gatazkak iraganekoa dirudien arren, euskal presoek eta euren senideek oraindik ere gatazkaren ondorioak pairatzen jarraitzen dute. “Iraganeko zerbait ez bezala hitz egin ezinik jarraitzen dugu guk”, diote Etxerat elkartean bildutako familiek. Txelis Moreno eta Jon Fano presoen senideak elkarrizketatu ditu "Prest" aldizkariak.

Aukeratu ez duten baldintza da senide izatea. Baldintza gogorra, zalantzarik gabe, garesti ordaintzen dutena. Batik bat, hiru hamarkada luzatu den “mendekuan oinarritutako” espetxe-politikaren ondorioz. Urruntzearen eragina jasaten duten senideei eta lagunei laguntza eta sostengua eskaintzen die Etxerat elkarteak. Bizkaian, Ibarrekolanda auzoan duen egoitzatik.  

Txelis Moreno eta Jon Fano presoen senideak eta Etxerateko kideak dira. Biak San Inazioko auzotarrak. Alaba du preso lehenengoak 2011tik, semea bigarrenak 2008tik.  

Frantziako bost kartzelatik pasa da Itziar Moreno, Txelisen alaba. Lehenengo biak, Dijoneko eta Seysseseko espetxeak, “oso, oso txar” bezala gogoratzen ditu. “Laugarren edo bosgarren gose grebaren ostean”, Itziar Fresnesera bidali zuten. Bertan hiru urte eman zituen, eta azken hilabete osoa isolamenduan. Handik Fleuryra eraman zuten, eta aurtengo ekainetik Roannen dago, San Inaziotik 850 kilometrora.  

Etxetik gertuen, 410 kilometrora urtebete eman zuen Itziarrek, Seyssesen, Toulousetik hurbil. Etxetik urrutien, 1.010 kilometrora, hamar hilebete, Dijonen. Txelis eta gainerako senideek bidaia trenez egiten zuten Parisera, han beste tren bat hartzeko Dijonera. Egun, kotxez egiten dute Roannerako joan-etorria, euren beharretara egokitzen den garraiobideen faltan. Ez dute ezusteko eta istripurik izan bidaian. “Eskerrak”, dio Txelisek, baina “arriskua hor dago, zeren zu ondo joan arren, gerta daiteke beste ibilgailu batek kolpea ematea ere”.  

Istripuen kopurua adierazgarria da. Aurten, “bidaia luze horietan”, zortzi istripu izan dituzte euskal presoak bisitatzera joan diren senide eta lagunek, eta ezbehar horietan 20tik gora pertsona zauritu dira. Guztira, “duela 28 urte abian jarritako dispertsioak eta urrunketak 16 lagun erail ditu”.  

Itziar bisitatzeko asteburuko bidaiak “oso gogorrak dira”. Bai fisikoki bai mentalki gogorrak. Eta eragiten duen gastuari dagokionez ere gogorrak. Frantziako Estatuan, 1.100 kilometrora dagoen espetxe batera egindako bisita baten kostua, pertsona batentzat 250 eta 300 euro artekoa da Etxeratek jakinarazi duenez. 

Ezarri zioten 15 urteko kartzela zigorretik sei eta erdi bete ditu jada Itziarrek. Onartu dioten 31 hilabeteko murrizketa kontutan hartuta, beste bospasei urte gehiago emango ditu preso bere aitaren kalkuluen arabera.  

Etorkizunari begira ez da oso baikorra eta, hala ere, Txelisek “urratsen bat” espero du. Urrats “txikia”. ETAren armagabetzea dela eta, Espainiako gobernuaren presioari “jaramonik egin ez zion” Frantziako gobernuarengandik “zeozer etorriko dela”. Bakearen Artisauak edo Bakegileak izeneko lantaldearengan konfidantza duelako. “Ez bakarrik presoak hurbiltzeko, preso guztiak kalera ateratzeko mandatua duen lantaldeak keinu argi bat eskatu dio Frantziako gobernuari abenduaren 9ko Pariseko mobilizazioa baino lehen”.   

Denak Pariserat, denak gara bakegileak, orain presoak lelopean, milaka lagun bildu nahi dituzte Bakearen Artisauek “beharresteko, presoeri aplikatuak diren salbuespen neurri onartezinak kenduak izan daitezen: presoen hurbilketa, gaixo diren presoen askatzea, baldintzapeko edo behin behineko askatasun neurriak ukan ditzaketen pertsonen libratzea, berdin kondena bukatzear duten presoak”. 

Berehalako neurri horiek “presoen gaiaren konponketa integralaren lehen urratsa” izango dira. Abenduaren 9ra arte, Euskal Herri osoan eta frantziar estatuan, etengabe iniziatibak antolatzea dute helburu gaia sozializatzeko, jendea mobilizatzeko, Pariseko elkarretaratzea izan dadin “inoiz Frantzian ikusi ez dugun mobilizazio masiboena Euskal Herriko gai bati buruz”. 

Paris ez dago hurbil. Txelisen hitzetan, “ez da Iruñera edo Donostira joatea”. Baina ekimena jendetsua izango den durarik ez du. Are gehiago Parisko Udal Kontseiluak aho batez bake prozesua babestu eta abenduaren 9ko Pariseko manifestazioari sostengua eman eta gero. 

Espainian

2008an atxilotu zuten Unai Fano. Hiru hilabete preso Frantzian eman eta gero, Espainiaratu zuten. Soto del Realen urtebete eman zuen, eta handik Algecirasera eraman zuten. Bertan dago orduz geroztik, etxetik 1.100 kilometrora. 20 urte eta zortzi hilabeteko zigorretik bederatzi bete ditu jada. “Zigorra osorik bete behar badu beste hamabi urte geratuko zaizkio”, bere aita Jonen esanetan. Ez du galdu bere semeari zigorra murriztuko dioten itxaropenik. Duela sei urte, “prozesua zabaldu zenean”, itxaropentsuago zen arren. Gero, “zoritxarrez, egoera ikusita”, esperantza galduz joan da.  

Etxeratek antolatzen duen autobusean egiten du Algecirasera bidaia Jonek. “Momentuz, ondo”, osasuna eta gogoa ez baitzaizkio falta. Berarentzat baino bere errainarentzat eta lau urteko ilobarentzat gogorragoa da joan-etorria. Horregatik egiten dute bi edo hiru astero behin bidaia. 

Jonek Algecirasera egin duen azken bidaiako andre bat du gogoan. Autobusean bi umerekin joan zen, bata lau urtekoa eta hilabete eta erdikoa bestea. “Hori ikustea gogorra da”, Jonentzat. Batezbeste bospasei ume joan ohi dira astebururo autobusean Sevilla, Puerto de Santamaria eta Algeciraseko kartzeletara senideen autobusean.  

39 ordu behar ditu autobusak Algecirasera joan-etorria egiteko, eta bidaiak pertsonako 125 euro balio du. Bidaia bi pertsonak kotxe partikularrean egiten badute 427 euroko da gastua. 

Jonen ustez politikoki, Estatu espainiarrari, “oso zaila izango zaio” askoz gehiago dispertsio politika luzatzea eta presoak kartzelan izatea, baina Estatu honekin “ez dago jakiterik”, batik bat Euskal Herriarekiko edota Kataluniarekiko duen jarrera kontutan izanda. Epe laburreko neurri gisa presoak Euskal Herrira hurbilduko dituztelakoan dago Jon.  

Izan ere, euskal gizartearen gehiengo oso handi bat gaixotasun larriak dituzten euskal presoak askatasunean berehala uztearen aldekoa da eta gainerako presoak euren etxetik hurbil dauden espetxeetara ekartzearen aldekoa. 

Gehiengo horren eraginez, “akordio soziala” landu du Etxerat elkarteak EAE eta Nafarroako eragile politiko, sozial eta sindikalekin. Ez hori bakarrik, preso eta iheslarientzat konponbidea lortzeko bide-orri bat adostu nahian, Foro Sozialarekin lanean ari da. 

Aurrerapausoen artean, Europako Parlamentuak onartu berri duen Bergeron izeneko txostena positiboki baloratu du Etxeratek. Txostenak presoen urruntzea salatzen du, “haien senideei ezarritako zigor gehigarria delako”, eta EBeko kide diren Estatuei eskatzen die gaixotasun larriak dituzten presoen kasuan, haien zigorrak berriro aztertzeko aukera aintzat hartzeko. 

Euskal presoen egoerari amaiera emateko soluziobideak eskatzen dituen agertoki berrian aurkitu arren, Etxeratek ohartarazi duenez, Estatuek “blokeoari eusten jarraitzen dute”.  

Zenbaki gordinak

Euskal Preso Politikoen Kolektiboa (EPPK) 314 lagunekoa da egun. Kopurua jaisten ari den neurri berean, “beharrak ugaldu egin dira”, Bizkaiko Etxerateko ordezkari Nagore Mujikaren esanetan.  

Datuak “gordinak” dira, eta preso gaixoen kopurua “espotentzialki handitzen ari da, modu kezkagarrian”, 91 preso direlako “nolabaiteko gaitza” dutenak. Horietatik 13k –duela zortzi urte baino bost gehiagok– gaixotasun larriak dituzte. Antzeko baldintzan dauden beste zortzik ez dute nahi beren identitatea publiko egiterik.  

Datu horien atzean kokatzen dira zigor luzeak eta presoen adinaren faktorea, eta faktore horiek “harreman zuzena dute presoen osasunarekin”. Etxeratek ziurtatu ahal izan duenez, “espetxean urte gehiago egoteak ondorio kaltegarriak ditu osasun fisiko eta mentalean”. Zenbakitan, 34 preso dira 20 urte baino gehiago espetxean daramatenak. Horietatik hamabik 25 urte baino gehiago daramate. 140 dira, preso guztien ia erdia, 15 urte baino gehiago espetxean daramatenak. Baina, gainera, 21 presok 60 urte baino gehiago dituzte, eta horietatik hiruk 70 urte baino gehiago.  

Etxerat Lagun kanpaina

Preso bakar bat ere laguntzarik gabe gera ez dadin saiatzen da Etxerat. Ahalegin horrek denbora eta dirua eskatzen ditu, eta Nagore Mujikaren hitzetan, “premiazkoa eta ezinbestekoa da presoei laguntzeko lan gehiago eta sutsuagoa egitea. Unea da presoen osasun fisikoa eta psikikoaren arazoei erantzuteko, eta gure senide presoei behar duten laguntza juridikoa emateko”.  

Ildo horretan, ziklo politiko berrian, Etxerat elkarteak urrats berri bat ematea erabaki du. Presoen laguntza juridikoaren eta osasun laguntzaren ardura elkarteak bere gain hartuko du zuzenean.  

Aurrerantzean bi eremutan lan egingo du Etxeratek, ikuspegi juridikotik, abokatuen bidez. Alde batetik, “espetxeetatik presoak ateratzea eta etxeratzea lortzeko”, preso bakoitzaren errealitatearen arabera, abian jar litezkeen ekimen juridiko guztiak aztertu eta gauzatuko ditu. Bestetik, “oinarrizko giza eskubideen defentsarako eta espetxean jarraitzen dutenen bizi baldintzak hobetzeko” lanean jarrituko du. Kasu bietan, “azkeneraino” egiteko prest agertu da elkartea, eta aurreikusita duenez, “kasu batzutan” Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiraino jo beharko du.  

Diru ekarpena eginez “apustu erabakigarri honetan” inplikatzeko eskatu dio Etxeratek euskal jendarteari, “bakerantz eta gatazkaren ondorioen behin betiko ebazpenerantz urrats atzeraezin bat ematen laguntzeko”. Senideei babesa indartzeko une honetan, “zu ere Etxerat Lagun izateko”, alegia