irutxulo.jpg

IRUTXULOKO HITZAEuskal preso eta iheslarien senideei laguntzea da Etxerat elkartearen helburua. 33 preso donostiar daude, eta haien egoera hobetzen laguntzeko gizartearen babesa behar dutela diote. Hauxe da Naike Diez eta Josune Dorronsorori Irutxuloko Hitzak eginiko elkarrizketa.

Josune Dorronsororen anaiak 24 urte daramatza preso. Jose Mari Dorronsoro du izena eta Egiakoa da. 38 urte zituela sartu zuten preso. Lehenengo, Frantzian, eta ondoren, Espainiara eraman zuten. Orain 62 urte ditu. Espetxe ugaritatik pasa da 24 urte hauetan. Gaur egun Puertoko (Cadiz, Espainia) kartzelan dago. Naike Diez, berriz, Etxerateko Gipuzkoako koordinatzailea eta senide ohia da. Etxerat Lagun egitasmoa abiatu du Etxeratek; gizarteak konponbidearen bidean urratsak egitea eta presoen senideei laguntzea da helburua.

Euskal preso eta iheslari politikoen senide eta lagunen elkarteko kidea da Dorronsoro. Urte asko dira anaia preso duela eta elkarteak egindako lanari esker gauzak asko aldatu direla dio: ”Lehen ez geunden gaur egun bezalako antolatuta eta bisitetara joatea askoz zailagoa zen”.

Sakabanaketak senideen eta lagunen egunerokoan kalte «ikaragarria» sortzen duela uste dute Dorronsorok eta Diezek. Donostiako presoak batez beste hiritik 770 kilometrora daude. Dorronsorok dio anaia gertuen egon izan denean, etxetik 500 kilometrora egon dela.

“Hasieran ama eta biok soilik joaten ginen bisitetara, eta orduan bisita gehiago egiten nituen. Orain hilean behin joaten naiz, izan ere, nire seme-alabek ere egiten dituzte bisitak; baita euren alabek ere”, horrek atseden hartzeko aukera eskaini dio. Izan ere, bisitetara joateak neke handia sortzen duela azaldu du Dorronsorok: “Puertora doan autobusa 17:00etan ateratzen da Errenteriatik, eta gero gure bila pasatzen da. Larunbat goizean iristen gara Puertora eta iluntzean berriro autobusa hartu eta buelta. Donostiara igande goizean iristen gara”. Adineko jendeaz gain, haurrek ere bidaiak egin behar izaten dituztela salatu dute.

Dena den, distantziak kilometroak baino gehiago direla uste du Diezek: “Beti esaten da distantzia kilometroetan neurtzen dela, baina distantzia egunerokoan dagoen zerbait da”. Gaineratu du ezinegona sortzen duela senidea nola dagoen ez jakiteak: “Asteburuko bisitak prestatzen pasatzen duzu astea”. Bat dator horretan Dorronsoro, eta, horregatik, deiek duten garrantzia azpimarratu du. “Anaia Frantzian egon zenean ez genituen deiak edukitzen eta oso gogorra zen. Orain astean pare bat aldiz hitz egiten dut eta oso baliagarriak dira”. Azaldu du anaia ospitalean egon zela duela hilabete inguru: “Telefonoz nabaritu nuen ez zegoela ongi. Hurrengo egunean deitu ninduten ospitaleratu egin zutela esateko; 10 egun pasa zituen han”.

Biek uste dute ezinbestekoa dela Etxerat elkarteak eskaintzen duen babesa: “Orain arte Mirentxineko furgonetak koordinatu eta asistentzia psikologikoa eta medikua eskaintzen genituen, baina orain urrats bat harago joan nahi dugu, eta babes juridikoa eta ekonomikoa eskaintzen ere hasi gara”. Diezek azpimarratu du, horretarako, berebiziko garrantzia duela euskal gizartearen inplikazioak: “Gatazka politiko baten konponbidean euskal gizarteak egin behar duen urrats bat da”.

Kolektiboaren egoeraz

Duela bi urte hasi zuten kanpaina eta orain bigarrenez abiatzea erabaki dute “beharrak hala eskatuta”. Laguntza ekonomikoa behar dutela diote: “Ekarpen ekonomikoa irekia da; bakoitzak ahal duena ematea da ideia, eta ezin duenak ezin du”. Bestalde, gaineratu du laguntzeko beste modu batzuk ere egon daitezkeela. Ekarpenak Etxerateko webgunearen bitartez egin daitezke.

Diezek azaldu du kolektiboan gero eta preso gutxiago daudela, baina egoerak ez duela hobera egin: “Gero eta preso gutxiago daude baina gehienak kondena osoa beteta atera dira; eta, gainera, dauden presoak gero eta zaharragoak dira. Horrek, ezinbestean, hainbat arazo dakartza”.

Presoenaren moduan, senideen adinaren batezbestekoa ere igo dela dio Dorronsorok: “Nire anaiak ama hil baino bi urte lehenago ikusi zuen azken aldiz; gaixo zegoen eta azken bi urteetan ezin izan zen bisitetara joan”. Hori senideak zigortzeko beste modu bat dela uste dute. Bestalde, azkenaldian gobernuak presoak espetxez eta moduluz aldatu dituela salatu du Diezek: “Horrek senideen saretzea zailtzen du”.

Preso daudenez gain ihesean daudenekin ere lanean ari direla azaldu du Diazek: “Zailagoa da baina ahalegina egiten ari gara”.

Zailtasun guzti horiei aurre egiteak “lana eta kostua” eskatzen dituela azpimarratu dute eta horri aurre egiteko­­­­ “denen babesa” beharrezkoa dela uste dute.