UZTARRIA. Azpeitiko hiru presoren senideek eta Etxerateko Gipuzkoako koordinatzaile Naike Diezek adierazi dute "ETAk 2011n su etena eman zuenetik preso politikoen egoera ez dela aldatu". Gotzon Aranbururen arreba Ainhoak, Joseba Segurola Xeguren arreba Marijok eta Josu Urbieta Powren anaia Anderrek azaldu dute bizi duten egoerari aurre egiteko "ezinbestekoak" direla Etxerat elakrtea eta herriaren babesa.
ETAk su etena eman zuen 2011n, eta aurten armagabetzea izan da, baina presoen egoerak bere horretan jarraitzen duela salatu dute hainbatek. Zer balorazio egiten duzue?
Naike Diez: Bai, hala da. ETAk 2011n su etena eman zuenetik, preso politikoen egoera ez da aldatu. Kopurua jaitsi da, eta beste egoera batean gaude, baina salbuespen neurriek berdin-berdin jarraitzen dute. Ikusten da gehiengo zabal bat dagoela aldaketak ematearen alde, baina, oraingoz, gure egunerokotasunean astebururo-astebururo bisitak egiten jarraitzen dute senideek urruti dauden espetxeetara. Beraz, aldaketak guregan gutxi izan dira.
Azken asteetan, badirudi Frantzian urrats batzuk egiten hasi direla. Zuen senideak, Joseba Segurola eta Josu Urbieta, Frantzian daude. Nola jarraitu dituzue azken albisteak?
Marijo Segurola: Nik uste dut askotan barruan daudenek modu batera bizi dutela, eta, gero, hori transmititzen dietela senideei eta lagunei. Nik ikusten dudana da ilusioak eta esperantzak ez ditugula mahai gainean jartzen. Pixka bat errezeloarekin begiratzen diegu gauzei, eta horrela bizi gara. Nik ez dut aldaketa handirik ikusi, eta ari gara egiten mobilizazioak eta bilerak, baina gero, praktikotasunean aldaketarik ez da ikusten. Eszeptizismo puntua ere badugu askotan. Izan ere, sarritan egon dira halako esperantza momentuak, baina, gero... Nik uste dut presoek beraiek ere distantzia bat jartzen dutela badaezpada ere.
Ander Urbieta: Guk ere Marijok [Segurola] kontatu duen bezala bizi dugu egoera. Josuk [Urbieta] lehen zuen 16 + 3 urteko espetxe zigorra; orain hiru horiek kendu egin dizkiote, eta 16 geratzen zaizkio. Abokatuak esan digu bost urte eta zortzi hilabete geratzen zaizkiola, baina atzo arrebari deitu zion Josuk eta esan dio bere kalkuluen arabera, erredentzioak eta denak kontatuta, lau urte eta erdi geratzen zaizkiola. Ez dakit, orain ikusiko dugu. Gu ilusio horrekin gaude, lau urte geratzen zaizkiola
Anaiak nola hartu du apelazio epaiketaren epaia?
A.U.: Berak ondo. Bere kalkuluak atera ditu eta gustura dago.
Eta zein da Espainiako espetxe politikaren egoera?
N.D.: Espainiako Gobernuaren aldetik inmobilismoa argia da. Gainera, berdin zaizkio Europatik etor dakizkiokeen zigor guztiak. Eta hor ari gara Euskal Herri mailako konplizitatea sortzen, eta horren harira ea presiopean aldaketarik dagoen. Baina, egia esan, ez dago aldaketarik.
Joan den saninazioetan, abuztuaren 1ean, Iñigo Urkullurekin egoteko aukera izan zenuten. Zuen urgentziazko egoera zein zen adierazi zenioten, eta berak erantzun zuen ari direla lanean. Gaur egun, zer harreman duzue hemengo erakundeekin?
N.D.: Egia da egun berezia zela, Kepa del Hoyoren heriotzaren hurrengo eguna izan zelako, eta pixka bat behartuta sentitu ziren guri aurpegi txarrik ez jartzera eta biltzera. Esan ziguten 250 kilometro famatu horien barruan ari direla lanean. Harremana badugu, zerbait gertatzen den momentuan abisatzen diegu, baina nahiko distantziatik. Urtero esaten digute lanean ari direla, baina oraingoz egoerak berdin jarraitzen du.
Une honetan zer egoeratan dago Etxerat? Zertan ari zarete erakundean?
N.D.: Gure ardura dira presoei asistentzia juridikoa eta osasun asistentzia eskaintzea, eta hori nahikoa erronka potoloa da Etxeratentzat. 2001ean estatutuetan bermatuta zegoen asistentzia hori, baina inoiz ez du hartu, batetik errepresioarengatik, eta, bestetik, ezin zuelako aurre egin. Erronka hori da; azkenean, presoak borroka juridiko batean sartuko dira, non nahikoa gastu ekarriko dioten senideei, eta horri aurre egiteko zama gure gain hartuko dugu. Bestalde, osasun asistentziari dagokionez, handitzen doaz beharrak, kolektiboaren adina handitzen doalako, preso gaixoen zerrenda ere handitzen doa, eta horri ere aurre egin behar zaio. Horregatik, gure helburua momentu honetan da senideei zama ekonomikoa kentzea. Izan ere, bisitak ere senideentzat dezenteko zama fisikoa, psikologikoa zein ekonomikoa dira.
Presoen senideontzat zer da Etxerat?
Ainhoa Aranburu: Nik uste dut oso garrantzitsua dela Etxeraten papera, bai egoera gizarteratzeko eta bai senideei laguntzeko. Asistentzia juridikoa eskaintzeko orain hartu duen erronka horrekin pausoka-pausoka aurrera goaz, eta guk Etxeratekin konfiantza osoa dugu. Oso gertuko erakundea da, eta Etxeraten beharra dagoela ikusten dugu.
Azpeitira etorrita, herriko errealitatea nola sumatzen duzue, hemengo jendearen eta eragileen babesari dagokionez?
M.S.: Anaia atxilotu zutenetik beti jaso dugu babesa, bestela ezinezkoa da horri aurre egitea. Familia isolatuta, preso baten egoerari aurre egitea ezinezkoa da, ez ekonomikoki, ez babesaren aldetik, ezta bisitei dagokienez ere. Azpeitian betidanik izan da sentsibilizazio handia presoekiko, eta herritarrak mobilizatu egiten dira. Niretzat garrantzitsuena hori izan da. Etxerat ere garrantzitsua izango da, baina herriaren babesik gabe ezin zaio honi aurre egin.
A.A.: Noski, garrantzitsuak babes guztiak dira. Nik ikusten dudana da, ordea, urteak aurrera joan ahala, jende bera mugitzen dela presoen inguruan, eta gazteei pixka bat urruti geratzen zaiela kontu hori, ez dutelako bizi izan orain dela urte batzuetako egoera. Babesa egon badago, baina belaunaldien arteko haustura bat eman dela iruditzen zait.>
Zure anaia, Gotzon Aranburu, 2002tik dago espetxean. Gaur egun Alacanteko Villena (Herrialde Katalanak) espetxean dago. Zein da bere egoera?
A.A.: Aurretik Madrilen (Espainia) eta Valentzian (Herrialde Katalanak) egon zen, baina Villenan dagoeneko hamahiru urte daramatza, Azpeititik 720 kilometrora. 30 urteko zigorra ari da betetzen, eta ez du murrizteko aukerarik. Egoera hamahiru urteotan pixka bat hobetu dela esango nuke. Euskal presoak moduluetan banatuta dituzte, baina bisitetarako hamarreko zerrendarena mantentzen da, eta horrekin pixka bat gogortu da. Baina igoal funtzionarioen aldetik tentsio gutxiago dute.
Eta zein da Joseba Segurolaren egoera une honetan?
M.S.: Frantziako Lannemezan espetxean dago. Noski, Frantzian atxilotu eta epaitu arte baldintzak oso gogorrak dira, eta egoera horretan ia egun guztia zeldan pasatzen dute. Behin epaiketa egin eta zigorra betetzeko kartzelan sartzen dituztenean, beste baldintza batzuk dituzte. Kartzela asko pasatu ditu, piloa. Lehen urteetan, asko mugitu zuten, eta borrokaldi asko egin zituen bere baldintzak hobetzeko. Zentzu horretan, lehen urteak nahikoa gogorrak izan ziren. Orain, Lannemezanen pixka bat egokituago dago. Berak esaten du funtzionarioen jarrera ere beste bat dela, ez dagoela tentsio hori. Distantziari dagokionez, Lannemezangoa gertuen dagoen espetxeetakoa da. 2005etik dago preso, eta 2019an bukatuko du Frantziako zigorra. Gero, Espainiaratu egingo dute, eta ikusi egin behar zer pasatzen den, hemen ere baditu eta kausak.
A.U.: Frantziako Poitiers-Vivonneko kartzelan dago preso Josu, azken lau urteetan. Atxilotu zutenean La Santen (Frantzia) egon zen hiru bat urtez. Han baldintza zorrotzak zituen, baina orain asko egokituta dago. Orain, ordea, baldintza onak ditu, eta gustura dago. 482 kilometro daude Azpeititik Potiers-Vivonneko kartzelara.
A.A.: Funtzionarioen jarrera aipatu duzu, baina bizi baldintza gogorrak mantendu egiten dira kartzela guztietan. Kartzelaz aldatuta ere, bizi baldintzak gogorrak dira.
N.D.: Frantzian espetxe bakoitzak erabaki dezake bere erregimena, gutxi gorabehera, baina Espainian orokorra da.
Zein da familien egoera? Nola bizi dituzte familiek bisitak?
A.A.: Gotzonek ez du umerik, ilobak ditu, eta haiekin joaten gara. Hilero, vis a vis bereziak ditugu, eta orduan aprobetxatzen dugu familia joateko. Kotxeetan joaten gara. Mirentxineko furgonetak ere badaude astean bitan, baina horiek lagunek aprobetxatzen dituzte. Umeengatik esaten da, baina jende heldua ere bada hor, adinean aurrera doazen gurasoak, eta bidaiak oso gogorrak dira.
M.S.: Josebaren kasuan, ama gaixo dugu, eta urteak daramatza semea ikusi gabe. Amak askotan esaten du ja ez duela gehiago ikusiko kalean, eta hori gogorra da. Barruan dagoenarentzat ere egundoko presioa da. Izan ere, askotan kanpoan ez dakizu gurasoak nola dauden, eta ja bisitak ezin dira egin. Josebaren espetxea hiru ordura dago, eta zuzeneko bisita hamabostean behin izaten du alabak. Alaba jaio zitzaionean barruan zegoen, eta han ezagutu du. Eta, noski, ume txiki batekin bisita horiek guztiak egitea, umearentzat gogorra da oso. Nik ez ditut umeak eramaten ni joaten naizen aldiro; bi-hiru hilean behin eramaten ditugu seme-alabak.
A.U.: Gure kasuan, umeek esaten digute ez dutela gogorik joateko, eta protesta egiten dute. Osaba zain izango dutela eta beti ere tira egin behar izaten diegu. Txikiena gustura joaten da, baina zaharrena oso gaizki itzultzen da, osaba han barruan utzita. Ni bi hilean behin joaten naiz, eta umeak urtean hirutan edo.
Urtarrilean Bilbon izango da urteroko hitzordua. Halako manifestazioek zer esan nahi dute presoen etxekoentzat?
M.S.: Presoak barruan daude, eta horiek kanpora atera arte borroka luzea dago oraindik hemen. Presoak ez ahaztea eta oraindik ere herria borroka horretan inplikatuta egotea ezinbestekoa da. Oso ekintza garrantzitsuak dira. Ematen du beti errepikatzen diren ekintzak direla, baina gatazka hau hor dago oraindik, konpondu gabe, eta jendeak borroka horretan inplikatuta segitzen duen seinale dira. Hori hala da guretzat eta barruan daudenentzat, batik bat. Ez ahaztuak sentitzea.
A.A.: Urtean bi egun dira, baina niretzat hunkigarria da oso hainbeste jende elkartzea, egoera gizarteratzea eta babes hori jasotzea