ETXERAT (2021-IX-20). El Duesoko euskal preso politikoen izenean, Asier Borrero preso algortarrak idatzitako gutuna:

Askatasun gabetze egoerak dakarrenari aurre egiteko ezinbestekoak zaizkigun topaketak dira aurrez aurrekoak, itolarrian dagoenarentzat arnastea bezainbeste

Gutxi duenari dena kentzea erraza den garaietan bizi gara. Bazter honetan, berezko egoera batean, gertukoekiko erlazio pertsonalak gutxiengo batera mugaturik daude. Gaur egun, gutxiengo hori ukatzen digute. Izan ere, alarma-egoera bertan behera gelditurik eta neurriak erlaxatzen ari direnean, espetxeetan topaketa familiarrak eta bikote-erlazioak oraindik arriskutsuak omen dira. Horiek murrizturik edota debekaturik  jarraitzen dute. Garaiotan, hilabetero gertukoekin zuzenean eta intimitatez egoteko atzamarrak baino ordu gutxiago dugunoi, aurrez aurrekoak debekatzen dizkigute.

Edonon egonda ere, gatibutzak herritik eta gertukoengandik bereizita eta urrunduta egotea dakar. Beraz, askatasun gabetze egoerak dakarrenari aurre egiteko ezinbestekoak zaizkigun topaketak dira aurrez aurrekoak, itolarrian dagoenarentzat arnastea bezainbeste. Horrexegatik, presoon eta gure gertukoen eskubideez eta osasunaz ari gara, baita ere, bizi dugun egoera bidegabe hau eta jasaten ari garen neurri arbitrarioak salatzean pandemiaren aurreko epe batzuen inertziaz eta espetxearen berezko izaerak eramanak jokatzen ari direla deritzogu.

Argi daukagu aurrez aurrekoak baliogabetzeak ez duela bat egiten egungo osasun-errealitatearekin; hau da, ezin da justifikatu osasun-neurri gisa. Kanpoan gizarte-erlazioek eta kultura-eginkizunek murrizturik jarraitzen badute ere, kutsatze- eta heriotza-tasak jaisten ari dira eta gertukoekin biltzea normaltasunez ikusten da. Oro har, azkenean birusarekin elkarbizi  beharko dela aipatzen ari diren honetan, barruan oraindik «psikosi» moduko batean bizi gara, alarma-egoera indarrean egongo balitz bezala.

El Dueson, urte eta erdi luze daramatzate aurrez aurrekoek debekaturik; aitzakiak dira kanpoko intzidentzia eta aurrez aurrekoen osteko berrogeialdiak egiteko egitura/eraikuntza egokirik ez izatea, edota lekurik ez dagoela, baimenekin atera eta bueltatzen direnekin betetzen delako horretarako prestatu modulua. Horren harira, emakumeen moduluan holakorik ez izatean, «txaboloz» aldatzera behartzen gaituzte berrogeialdiak egin ahal izateko, ezinegona areagotuz.

Gehienok txertatuta bagaude edota aurretik kutsaturik ote gauden jakiteko bitartekoak daudenean, zer dela-eta berrogeialdi bat gertukoekin kontaktu hutsa edukitzeagatik? Bada, presoak eta gure gertukoak arduragabeagoak al gara? Kutsakorragoak ote? Gaur egun, zer da arduragabekeria handiagoa, maite duzun horri musu ematea ala instituzio batek hori debekatzea?

Taupada bakoitzagatik borrokatu behar duten bihotzak gogoan...

dueso.jpg