ETXERAT. Etxerat Elkartea bat dator “Egun bat gehiagorik ez!” lelopean Bagoaz kolektiboa garatzen ari den dinamikarekin eta, bereziki, datorren ekainaren 16an, Baionan, 17:00etan Laugatik abiatuta egingo den manifestazioarekin.
Maiatzaren 3an ETAk Genevan adierazitako bukaerarekin eta biharamunean horren babeserako Arnagan izandako nazioarteko ekimenaren ondoren sortutako agertoki berri honetan, aitzakia gehiagorik ezin dugu onartu.
Euskal preso guztientzat eta, zehatzago esanda, jadanik espetxean 28 urte egin dituzten Xistor Haranburu, Jakes Esnal, Ion Kepa eta Unai Parotentzat, justizia justu eta gizatiarra aldarrikatu du Bagoazek, eta Etxerat Elkarteak bat egiten du aldarri horrekin. Hiru lehenak frantziar Estatuan bizi osorako espetxe zigorrera kondenatuak izan ziren, 15 eta 18 urteko segurtasun epe batekin. Orduz geroztik galdegin dituzten baldintzapeko askatasun guztiak ukatuak izan zaizkie, nahiz eta haien kondenak bete eta birgizarteratzeko txosten egokiak dituzten.
Espetxe-politika oraindik iraganean kateatuta dago eta preso horien baldintzapeko askatasuna ukatzean, epaile eta prokuradoreen erabakien atzean bultzada politikoa dago dudarik gabe. Horregatik, salbuespeneko espetxe politika behingoz bertan behera utzi behar du frantziar Estatuak.
Hamahiru euskal preso hurbildu dituzte Mont-de-Marsan eta Lannemezango espetxeetara azken hilabeteetan, eta positiboki baloratzen dugu hori, baina premiazko pauso gehiago eman behar dira. Euskal preso eta iheslari politikoen senide eta lagunok ez dugu gehiago itxaron nahi: giza eskubideen errespetua eta behingoz etorkizuna eraiki ahal izatea exijitzen dugu.
Hori guztiagatik, “Egun bat gehiagorik ez! Ion Kepa, Jakes, Xistor eta Unai etxerat!" aldarrikatu eta bat egiten dugu Bagoaz kolektiboak ekainaren 16rako deitutako ekimenarekin.
Etxean eta bizirik nahi ditugu!