ETXERAT (2023-IV-1). Une batez gelditu nahi izan dugu, utzi gaituzten pertsona guztien oroitzapena partekatzeko. Horiek guztiak hiru hamarkada baino gehiago iraun duen ibilbide luze honen biktima dira. Etxeraten, euskal preso, erbesteratu eta deportatu politikoen senideen Elkartea den honetan uste dugu horretarako abagune egokia dela, salbuespeneko espetxe neurrien zatirik krudelena amaitu berri denean eta gure senitarteko guztiak jadanik Euskal Herriko espetxeetan daudenean
Komeni da iragana bistatik ez galtzea. Gure senitartekoen kasuan, bakartzearen zuribeltza, eta eskubideen urraketa jaso dituen argazkia gordetzea komeni da. Gure kasuan, berriz, komeni da azkenik atzean uzten ari garen sufrikarioaren ezaugarriak eta espetxeen urruntasuna finkatzen dituen argazkia gordetzea.
Herri honen etorkizunerantz orainaldia orain proiektatzen laguntzen diguten irudiak dira. Guk, senitartekook, eztabaida lasai bat proposatzen jarraituko dugu, geure buruaz hausnartzeko aukera guztioi emango digun oroimen inklusibo baten bidean. Etxeratek duela 4 urte indarkeria-adierazpen ezberdinen biktima guztienganako
errespetu- eta enpatia-adierazpen bat egin zuen jendaurrean, bereziki, horretarako asmorik izan gabe ere, ekintzaz edo ez-egitez haien mina areagotzen esku-hartu ahal izan
dugun horienganako errespetu eta enpatia.
Guk, ordea, ahanztura baino ez dugu ezagutu. Beraz, biktimen aitortza eta erreparazioari begirako urrats eraginkorrak ematea espero dugu; biktima guztien aitortza eta erreparaziorako urratsak, 16 pertsona horienak eta berorien senideenak barne direla.
Euskal gizarteak hori primeran ulertzen duela uste dugu. Urtero gogoratzen dituzte euren herrietan, baina dudarik ez dago oraindik falta dela haien aitortza ahalbidetuko duen lege esparru bat, haien eskubideak ere urratuak izan zirela aitortzea ahalbidetuko duen tresna bat.
Ezinbestekoa da lanean jarraitzea, adostasunak ehuntzen jarraitzea. Eskerrak eman nahi dizkiegu gaur hemen dugun ordezkaritza politikoari, duela 3 urte lortu zuten akordio garrantzitsuagatik. Akordio horren bidez, sakabanaketa-politikaren ondorioz hildakoen senitartekoen samina aitortu zuten, jatorrizko udalerrietan onartutako mozioen bidez. Akordio horrekin bat egin zuen, gainera, gehiengo sindikalak.
Ez dezagun ahaztu, istripuek kaltetutako mila pertsona inguru dira; 16 dira senitarteko izatea sekula erabaki ez zutenen sufrikarioaren irudi finko gris horretan desagertuak; erabaki ez arren senitarteko direnez, inoiz amore eman ez dutenak beren maitasuna beren maiteei adierazteari dagokionean. Eta, ez dezagun ahaztu, estatuak ezarritako testuinguru horretan, istripuen, arriskuen, agintarien gehiegikerien eta diskriminazioaren biktima izan direla.
Euskal presoen kasuan salbuespen egoera mantentzeak jada markatua duen garai berri batean sartzen ari gara. Jada ez da bidaia luzerik izango, baina oraindik lan asko dago egiteko. Mendekuan oinarritutako politikarik gabe. Elkarbizitza eraikitzeko lanarekin jarraitu beharra dago, etorkizunera begira, eta horregatik, gaur, zorionez amaitzen den dispertsio baten biktimak jarri nahi ditugu kameraren jomugan.
Dispertsioaren biktimen aitortza eta erreprazioaren garaia iritsi da. Biktima horiek kontuan hartzen ez diren
bitartean memoria kolektibo osatugabeaz hitz egiten jarraituko baita.