ETXERAT. Azaroaren 19an aldibereko bi istripu izan ziren; Huelva eta Mansillako espetxeetatik bisita egitetik zetozen 7 senide eta bi gidari kaltetuak izan ziren bi ezbeharretan. Horren ondorioz, dispertsioaren aurkako mozioak aurkeztea eskatu zuen Etxeratek kaltetuak izan ziren senide eta presoen udalerrietan. Berrizen aurkeztu zen lehenik, eta onartua izan da asteazken honetan, hilak 21, EAJ eta EH Bilduren aldeko botoekin eta PSEren abstentzioarekin.
Atzo, hilak 22, Etxarri Aranatzen aurkeztu eta onartua izan zen PPko zinegotziaren kontrako boto bakarrarekin: “Bost axola dit batak zein besteak” – istripua izan zuen pertsonari (Etxarri Aranatzeko bizilaguna) eta honek bisitatzen zuen presoari erreferentzia eginez –“Esan diezaiotela euren kartzelatutako senideari egin dezala egin behar duena hurbildua izan dadin”, adierazi zuen Alderdi Popularreko zinegotziak.
Gaur goizean zehar, mozio bera Gasteizko udalean izan da aurkeztua. Kasu honetan, testuak Natividad Junkoren oroimena eta omenaldia hartzen zuen bere baitan, 2007ko abenduaren 25ean zendutako dispertsioaren biktimetako bat. Mozioaren alde bozkatu dute EAJ, EH Bildu, Podemos eta Irabazik. PPk eta PSEk aurka egin dute, “Nanclares bidea” ezagututakoaren alde eginez, dispertsioak sorturiko egoeraren irtenbide bezala. Erantzunen txandan, Etxerateko ordezkaria hauengana zuzendu da, eta dispertsioak haien eskubideak urratzen dituela uste duten galdegin die, eta kasu horretan, hori gainditzeko zer pentsatzen duten egitea, baina ez du erantzunik jaso.
Pertsona guztien eskubideen defentsan eta egungo espetxe politikak urraturiko eskubideen aurka udal taldeen lana eskertu nahi du Etxeratek. Elkartearentzat garrantzitsuak dira ere PP eta PSE alderdien interbentzioak, zeinak argi utzi dute dispertsatutako presoen senideen bizitzari dieten mespretxua, dispertsioak sortzen duen kalteari mespretxua eta Giza Eskubideekiko duten mespretxua, dispertsioa bermatzen duten alderdi bezala, bai eta senideak xantai erreminta bezala erabiltzea.