ETXERAT. Joan zen asteburuan euskal preso politiko lesakarra den Mikel San Sebastian Gaztelumendi Murtziako espetxean bisitatu ondoren bere lagun batek auto istripua jazan zuela, Lesakako Udalbatzak dispertsio politikaren eta urruntzearen berehalako desaktibazioa eskatu du aho batez, Geroa Bai eta EH Bilduko zinegotzien bozkekin. Istripua izan duen pertsona ere lesakarra da.
Mozioak dioenez, «argi dago istripu hau dispertsio politikaren ondorio bat dela. Martxan dagoen dispertsio politika hau presoak ez ezik beraien lagun eta senideak ere zigortzen ditu. Lesakan egoera hau astebururo astebururo lagun aunitzek pairatzen dute, bidaiaro beraien biziak arriskuan jarriz».
Onartutako mozioak dioenez, «Udaleko batzarrak dispertsio politikaren eta urruntzearen berehalako desaktibazioa eskatzen du, senideak kaltetu eta oinaze gehitu batera zigortzen baititu». Era berean, Udal batzarrak pertsona guztien giza eskubideen errespetua exijitzen du eta akordio hau Frantzia eta Espainiako gobernuei helaraziko zaie, baita Espetxe Erakundeetako arduradunei.