Auzitegi Nazionaleko epaile den Maria de los Reyes Jimeno Gutierrez hartutako ebazpenaren inguruan, euskal preso politikoen senide eta lagunen elkargune eta eta elkarte den Etxeratek zera adierazi nahi du:
- Dispertsioak preso eta senideen oinarrizko eskubideak sistematikoki urratzen dituela ukatzeak duen helburua espetxe politikaren ondorioak ezkutatzea du helburu. Asteburuz asteburu 900 dira ehunka edo milaka kilometro egitera beharturik dauden euskal herritarrak, ikaragarrizko kostu ekonomikoak sortzen dituelarik gainera, halabeharrezko kostuak bisita eskubidea izan ahal izateko. Paperak dena aguantatzen du baina errealitateak analisi hori gainditu egin du. Dispertsioak gure oinarrizko eskubideak urratzen ditu; familiarako eskubidea, intimitate eskubidea, integritate fisikorako eskubidea, edota gure senide eta lagunekiko dugun maitasunari uko ez egoteagatik uneoro pagatzen dugun sufrimendu erantsia; kostu fisiko, psikiko eta ekonomikoa handiarekin.
- Dispertsioak sufrimendu erantsi bat dakarrela ukatzeak ez dauka bizi dugun errealitatearekin zerikusirik. Bai ostera bestelako interesekin. Are gehiago, martxan dagoenetik igaro diren 26 urteetan 16 hildako eragin dituenean eta ehunka lagun espetxera bidean zauritu direnean. 2014ko istripuen media argigarria da zentzu honetan: 35 lagun baino gehaigo zauritu ziren 12 hilabeteetan zenbatutako 10 istripuetan. Espetxe politikaren ondorio diren istripuak, mendekua helburu duen politika baten aterkipean.
- Beste behin ere, Etxeratek epaile eta instituzioei gogoratu nahi die eurak izan beharko liratekeela eskubideen zaindariak. Giza Eskubideak ezin dira bestelako kontrapartida edo baldintzen menpe egon. Giza eskubideak errespetatzen ez direnean, urratu egiten direlako. Eta urratzen direnean ez dago horiek urratzea justifikatuko duen argudiorik.